Aferak bertso dinamika antolatu dute aurten ere Deustuko Herriko Tabernak eta Elorri bertso eskolak. Egitasmo honen laugarren edizioa izango da, eta saioak apirilaren 12, 21 eta 28an eta maiatzaren 5ean eta 12an izango dira.
Covid-19aren pandemiak laugarren edizioaren antolaketa baldintzatu duela adierazi dute antolatzaileek. Izan ere, oraina arte Deustuko Herriko Tabernan jarritako oholtzan izaten zen bertsolarien agerlekua, baina orain ezarritako neurriak direla eta, Deustuko Bidarte Udaltegian egingo dira bertso saioak, asteazkenetan arratsaldeko 19.00etan. Gainera, musukoa jantzita kantatu beharko da, eta aforoa eta segurtasun distantziak mantendu beharko dira.
Antolatzaileek adierazi dutenez, dinamika honen helburu nagusia bertsolaritza, kultura eta euskara sustatzea da «era dibertigarri eta lagun artekoan», baina horrez gain, bertsolari gazteei plaza bat emateko aukera ederra ere badela uste dute. Parte hartzen duten bertsolari guztiak 20-27 urte bitartekoak izaten dira.
Aurreko urteetan saioek tematika orokor bat izan dute, eta bertsolariak mozorrotuta kantatu izan dute, baina orain birusa dela medio, tematikarik gabeko saioak izango direla iragarri dute Deustuko Herriko Tabernak eta Elorri Bertso Eskolak.
«Garai latzetan murgilduta gaude, baina egia da oso pozgarria dela horrelako kultur ekimen bat aurrera eramatea, erakutsi nahi dugu kultura segurua dela eta pandemia garaian ere Deustuk bertsotan jarraitzen duela!», adierazi dute.
5 saio eta 20 bertsolari
Lehenengo saioa apirilaren 14an izango da. Maite Sarasola, Asier Galarza, Paule Loizaga eta Ibai Amillategi arituko dira bertsotan, eta Unai Foruria izango da gai jartzailea.
Apirilaren 21ean izango da bigarren saioa. Maider Altuna, Koldo Gezuraga, Haizea Arana eta Mikel Retolaza bertsolariak egongo dira oholtzaren gainean. Gerizeti Zubiaurre izango da gai jartzailea.
Apirilaren 28an Enare Muniategi, Beñat Bilbao, Aroa Arrizubieta eta Ander Ucelay izango dira parte hartuko duten bertsolariak, eta Ainhoa Laparra izango da gai jartzailea.
Maiatzaren 5ean Aissa Intxausti, Peru Irastorza, Unai Mendiburu eta Mikel Aiartzaguena arituko dira bertsotan. Ander Anakabe izango da gai jartzailea.
Azkenik, maiatzaren 12an, Iruri Altzerreka, Ander Anakabe, Garazi Navarro eta Asier Alcedo izango dira bertsolariak, eta Maite Sarasolak jarriko ditu gaiak.