NAIZ

Bi preso hurbilduko dituzte Andaluziatik eta beste bat Palentziatik

Hiru euskal preso lekualdaldatuko ditu Espetxe Zuzendaritzak, horietariko bi Andaluziatik, ostiral honetan jakinarazi duenez. Kopurua azken asteotakoa baino txikiagoa da, beraz.

Presoak etxeratzeko aldarria, Donostian. (Jon URBE | FOKU)
Presoak etxeratzeko aldarria, Donostian. (Jon URBE | FOKU)

Ostiralero bezala, euskal presoen hurbilketen berri eman du Espetxe Zuzendaritzak. Hiru izen-abizen dakartza aste honetako zerrendak. Nabarmentzekoa da bi Andaluziako espetxeetan direla: Garikoitz Etxeberria eta Fernando Elejalde, hain zuzen ere.

Etxeberria Sevillatik atera eta Palentziako Dueñasera lekualdatuko dute. Elejalde Puerto-Ieko espetxean den azken euskal presoa da (dozena erdi bat dago oraindik Puerto-IIn) eta Leongo Mansillara hurbilduko dute.

Hirugarren mugimendua Iñigo Vallejorena da. Gobernu espainoleko erakundearen iragarpenaren arabera, Dueñasetik Kantabriako Duesora hurbilduko dute.

Herreran inor ez azkenik

Honezaz gain, Etxeratek jakinarazi du gauzatzeko zeuden lekualdatze gehiago burutu direla aste honetan. Eta horiekin jada ez dela euskal presorik gelditzen urte askotan krudeltasunaren ikur izan den Herrera de la Manchako espetxean (hemen NAIZek hortaz zabaldutako erreportaje zabala).

Zehazki, aste honetan zehar Juan Carlos Subijana preso gasteiztarra Leonetik Basaurira ekarri dute; Josune Arriaga iruindarra, Topasetik Iruñera; Ainhoa Barbarin urretxuarra, Picassentetik Zaballara; Zigor Orbe Basaurikoa, Picassentetik Zaballara ere; Unai Lopez de Okariz gasteiztarra, Darocatik Zaballarra; Iñaki Etxeberria iruindarra, Topasetik Duesora; Jon Mirena San Pedro bilbotarra, Herreratik Dueñasera; Arkaitz Goikoetxea algotarra, Villenatik Logroñora; eta Gorka Palacios durangarra, Murtziatik Madrilgo Estremerara.