NAIZ

Ahozko ondarea ikertzeko beka antolatu dute Mintzolak eta Kilometroek

Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak ikerketa beka deitu dute Goierriko ahozko ondarea ikertzeko. Hautatua den proiektuak 3000 euroko laguntza jasoko du.

Interesdunek ekainaren 30era arteko epea dute euren proiektua aurkezteko. (NAIZ)
Interesdunek ekainaren 30era arteko epea dute euren proiektua aurkezteko. (NAIZ)

Pello Mari Otaño Ikerketa Bekak abiatu zuen bideari jarraipena eman nahi diote Kilometroak Kultur Elkarteak eta Mintzola Ahozko Lantegiak eta, hala, iaz bezala ikerketa beka deitu dute aurten ere.

Kilometroak antolatzeko ardura hartu duten Beasaingo Andramendi, Ordiziako Jakintza eta Lazkaoko San Benito ikastolen babesarekin antolatu dute beka deialdia eta, hiru ikastolak Goierriko eskualdean kokatuta daudenez, bertako ahozko ondarea ikertzea helburu duten proiektuetarako da beka. Ekainaren 30era arte aurkeztu ahal izango dira proiektuak eta uztailean jakinaraziko da nor den sariduna; 3.000 euroko dirulaguntza dute esleitzeko.

«Kilometroak euskalgintzako eta kulturako, hau da, herrigintzako gainontzeko eragileekin batera egikaritu behar zela» garbi ikusi zutela azaldu zuen Kilometroak Kultur Elkarteko lehendakari den Nekane Artolak, iazko Pello Mari Otaño ikerketa deialdiko proiektu sariduna aurkezteko agerraldian. Harituz Tolosaldeko Bertsozaleen Elkarguneak prestatutako ‘Aiztondoren zirtotsa’ proiektuak eskuratu zuen saria orduan.

Elkarlan proposamena pozik hartu zutela ekarri dute gogora Mintzolako ordezkariek, eta hala adierazi zuen agerraldi hartan Mintzolako ahotsa izan zen Miren Artetxek: «Gure aldetik, eskerrik asko erakunde guztioi eta, batez ere, ikertzaileoi egitasmo interesgarri eta iradokitzaile honengatik. Kilometroekin abiatutako lankidetza honek aurrerantzean ere bide-orri gehiago marraztea nahiko genuke», berretsi zuen.

Lankidetza horrek aurrera eginda, iritsi da 2021eko deialdi hau ere. Informazio gehiago eta baldintzak, Mintzolaren web orrialdean.