NAIZ

Trenaren lurretan zer egin adosteko lantalde bat sortzea eskatu dio Durangoko Udalak Lakuari

Martxoaren 14an «Peri1 Trenbidea» proiektuaren inguruan egindako herri galdeketan jasotako «mandatua» betetzeko lantalde bat osatzea proposatu dio Durangoko Udalak Lakuako Lurralde Plangintza sailari.

Udalaren eta Lakuako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailaren artean izandako bilera. (DURANGOKO UDALA)
Udalaren eta Lakuako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailaren artean izandako bilera. (DURANGOKO UDALA)

Martxoaren 14an «Peri1 Trenbidea» proiektuaren inguruan egindako herri galdeketan jasotako «mandatua» betetzeko lantalde bat osatzea proposatu dio Durangoko Udalak Lakuako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailari. Lantalde horrek «etorkizuneko parte-hartze prozesuari begira oinarri batzuk izango dituen marko bat prestatzea» izango luke helburu, proiektu berri bat diseinatzearekin batera.

Durangoko Udaleko ordezkariak, tartean Ima Garrastatxu alkatea (EH Bildu), Iñaki Arriola Lakuako Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailburuarekin eta Ernesto Martinez de Cabredo Eusko Trenbide Sareko (ETS) zuzendariekin bildu dira astelehen goizean, Durangon martxoaren 14an egindako herri kontsultaren emaitzak aztertzeko.

«Peri1 Trenbidea» proiektuaren inguruko herri galdeketan 7.076 durangarrek hartu zuten parte, erroldaren %28,57k, eta 18 solairuko bost etxebizitza bloke eraikitzea aurreikusten zuen proiektua geldiaraztearen alde agertu zen gehiengoa (%94,4).

Ima Garrastatxuk bilera egiteko eskaera bana egin zien ETS eta Lurralde Plangintza, Etxebizitza eta Garraioetako sailari; biak ala biak PSEk zuzentzen ditu. Dena den, herri galdeketaren biharamunean, Arriola sailburuak aurresan zuen Gasteizko Gobernuak ez duela trenbide zaharraren lursailaren «aprobetxamenduari» uko egiteko asmorik.

Durangoko alkateak, aldiz, adierazi zuen Udalak herritarren asmoak betetzeko lan egingo zuela. Orain, Garrastatxuk galdegin dio Arriolaren sailari ea beraiek ere herritarren borondatea betetzeko asmoa daukaten. «Hala bada, gu bihartik aurrera jarriko gara beraiekin lan egiten ‘Peri1’ proiektua aldatzeko eta denon artean proiektu berri bat egiteko», agertu du bileraren ostean.

Plan Orokorra martxan

Durangoko alkateak jakinarazi du, halaber, Udala Hiri Antolamenduko Plan Orokor (HAPO) berria lantzen ari dela jada, eta aurreikusten duela etorkizunerako hirigintza-proiektuak diseinatzeko herritarren hitza aintzat hartuko dutela parte-hartze prozesu baten bitartez.

Plan horrek trenbide zaharraren 62.000 metro karratuko lursailean zer egin erabakitzeko parte-hartze prozesua barnebiltzen du. Hala, Udaleko ordezkariek Lakuari eskaini diote prozesu horren «parte aktiboa» izan dadila, lursailen jabea denez gero.

«Jakin behar dugu ea Eusko Jaurlaritzak Durangoko herritarren borondatea errespetatzeko konpromisoa hartuko duen eta, hortik abiatuta, guztion artean proiektu berri bat eraikiko dugun, durangarren benetako beharrei erantzungo diena. Hala balitz, minutu bat gehiago ez galtzeko durangarrekin eta Eusko Jaurlaritzarekin lanean hasteko lan proposamena dugu», adierazi du Udalak prentsa-ohar batean.

Gainbalioak baldintza

Arriola sailburuak, bere aldetik, esan du Lakuako Gobernuak «ahalik eta adostasun handiena» lortu nahi duela «hartutako konpromisoak bete daitezen», betiere Durango Operazioaren –trenbide sarerako Lakuak duen egitasmoa– barruan adostutako baldintzen barruan. Izan ere, trenbide zaharreko lurretan sortutako gainbalioen bidez ordaindu beharko litzateke operazio horren finantzaketaren zati bat, Arriolak gogorarazi duenez.

Zehazki, sailburuak nabarmendu du Lakuak Durangoko Udalarekin erabaki zuela trenbidea lurperatzearen proiektuaren zati bat libre utzitako lurren hirigintza-aprobetxamenduekin finantzatzea, 554 etxebizitza eraikitzea barne.

Horregatik, Durangoko alkateari «zehaztasuna» eskatu dio herri-kontsulta egin ondoren «hartutako konpromisoak betetzeko».

Era berean, esan du bere saila prest dagoela foroetan lan egiteko eta lur horien gainean «ahalik eta adostasunik handiena» lortzeko, baldin eta trenbide-azpiegitura lurperatzeko eta Durangon 62.000 metro koadro lur libratzeko baimena eman zuen akordioa betetzen bada.

Arriolak azpimarratu du Gasteizko Gobernuak «ezin diela uko egin liberatutako espazioen gainbalioei», sarrera horiei esker «euskal zergadunen diruarekin egindako ahaleginaren zati bat finantzatu» baitaiteke.