Estatu frantsesa da Europan tokiko moneta gehien dituen herrialdea; 82 ditu orotara, eta 5 milioi euroren baliokidea dago egun erabileran, horretatik erdia, 2,5 milioi, euskoak dira. Hori dela eta, euskal moneta ez da soilik Estatuko handiena, baita Europa osokoa ere.
Duela hamar urte sortu zen lehen moneta alternatiboa Estatu frantsesean, eta geroztik garapen handia eman da. Hori dela-eta, monetak elkartu, ordezkatu eta laguntzen dituen Sol mugimenduak hamarkada honetan monetek izan duten eragin sozialari buruzko txostena aurkeztu zuen ostegunean, online egin zen ‘Tokiko monetak: interes orokorreko monetak’ mahai-inguruan.
Urte eta erdiko lana egin dute txostena osatzeko, eta ez da galdetegi baten emaitzen bilduma soila; 5.600 erantzun bildu dituzte ordezkagarritasun zabala izan dezan, eta ondotik ikerlariekin batera informazioa aztertu da. Trantsizio transbertsalerako akuilu gisara agertzen dira monetak, bost eremu ezberdinen inguruan: ekonomia, ekologia, elkartasuna, lurralde dinamikak eta eskubide zibikoak.
Sol-en izenean mintzatu zen Charles Lesagek baieztatu zuen ostegunean: «Transbertsalitatearen bitartez, interes orokorreko tresna bilakatzen dira, gure gizarteak aurre egin behar dien erronka guztiei erantzuten dietelako, eta adostasunerako eta lurraldeen arteko elkarlanerako espazioak irekitzen dituzte». Txostenak erabiltzaileen %69k erronka horiek orain hobeki ulertzen dituztela agertzen du.
Tokiko moneta guztiak batuta, 10.000 profesional eta 35.000 herritar edo kontsumitzaile biltzen dituzte. Horietatik 1.100 enpresa eta 4.000 erabiltzaile Euskal Monetaren bazkideak dira.
Lurraldeen garapenean duten eraginari loturik, tokiko erakundeekin elkarlana tresna garrantzitsua dela ondorioztatzen du txostenak. Euskoak bide horretan urrats handiak eginak ditu, 27 udal eta Euskal Elkargoa bazkideak baitira. Aste honetako berria da Uztaritzeko auzapezak eta zinegotziek soldataren parte bat euskotan jasoko dutela.
Euskoa
Ipar Euskal Herriak dituen 310.000 biztanleekin, Europako monetarik garrantzitsuena da Euskoa, Alemaniako ‘Chemgauer’-en eta Britainia Handiko ‘Bristol Pound’-en aitzinetik, eta milioika biztanle dituzten eremuen gainetik.
Arrakasta horren arrazoia zein den galdetuta, Dante Edme-Sanjurjo Euskal Monetako zuzendari orokorrak eta Sol mugimenduko presidentekideak euskal lurraldeak atxikimendu kolektiboarekiko duen gaitasuna nabarmendu du, eta horrekin batera, «estrategia eta profesionaltasuna» aipatu ditu; azken horren esanahia argitze aldera, «militantea izanik ere, profesionalen pareko kalitatezko zerbitzua eskaintzea» dela azaldu du.
Orain arte ezagunak ziren datu eta kopuruez gain, Euskal Monetak zehazki duen eragin sozialaren berri izan du txosten honen bitartez, euskoen 200 erabiltzaileren erantzunak oinarri harturik.
Erabiltzaileen %63k Eusko sarean daudenetik bertako produktu gehiago kontsumitzen dituztela baieztatu dute. «Hori gure ekonomiarentzat ona da, jendeak gure sarean sartzeko arrazoi ezberdinak ditu, baina azkenean denontzat ona da», nabarmendu du zuzendariak. Kontsumitzeko erak ere aldatzen dituela gaineratu du: «%61ek denda txikietan gehiago erosten dutela diote, eta gure herriak, gure auzoak biziarazten ditu. Bereziki orain, covid-19arekin, Amazonek eta supermerkatu handiek irabazi dute gehien, baina monetei esker hori aldatzen ahal da».
Jendearengan pertsonalki duen eragina ere aztertu du txostenak; izan ere, erabiltzaileen %83k kontsumitzen duten komertzioak gomendatzen dituztela azaldu du zuzendariak: «Publizitatea egiten dute, denda horietako jendearekin balio batzuk partekatzen dituztela sentitzen dutelako. Batzuk ingurumenagatik sartu dira, besteak euskaltzaleak direlako beharbada, baina buruan buru bertan bat egiten dute».
Eta elkarrekin egiten dituzten transakzio horien bitartez, %99k «nahi duten gizartearen eraikuntzan parte hartzen ari direla sentitzen dute», baieztatu du Edme-Sanjurjok, eta hau gaineratu: «Boterea gure esku dago; hori guk egiten dugu, eta demokratikoagoa da horrela».
Sol mugimenduaren oinarrian dagoen elkarrekiko sostenguaren bidetik, euskoak izan duen arrakastaren gakoak ezagutarazteko beste tokietako elkarteekin harremanetan dira, eta Tokiko Moneten Institutuarekin batera formazioak proposatzen hasiko dira, tresna estrategiko gisa. «Ez dugu arrakasta guretzat bakarrik nahi, Europa guztian zehar izatea nahi dugu», nabarmendu du Euskoko kideak.
Mahai-ingurua
500-600 bat pertsona bildu ziren, Internet bidez monetei buruzko informazioa jasotzeko. Lesagerekin batera, Marie Vernier Ekonomia Sozial eta Solidarioaren Laborategiko ordezkariak tokiko monetekin batera lurraldeetako trantsizio indartuetarako dinamikak abiaraz daitezkeela adierazi zuen.
Mahel Coppey Ekonomia Sozialerako Lurralde Kolektibitateen Sareko presidenteak, berriz, erakundeen eta moneten arteko lankidetza lurraldeen zerbitzurako eman beharrekoa dela azaldu zuen. Azkenik, Lyoneko Unibertsitateko ekonomia irakasle Marie Farek tokiko monetak lurraldeetako kooperazioetarako katalizatzaileak direla azaldu zuen, eta denon onurarako tresna direla baieztatu zuen.
«Txosten honetan ondorioztatzen da moneten eragina nabarmena dela; ez da handia, baina maila bat gora egin ahal izateko moneten arteko aliantzak eta lurraldeetako aktore egituratzaileen arteko elkarlanak beharrezkoak dira», laburbildu zuen Sol mugimenduaren izenean Lesagek.