Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ

Alavesek urrezko garaipena lortu du Huescaren aurka eta jaitsiera postuetatik atera da

Battagliak 85. minutuan egindako gol bati esker eskuratu du Alavesek balio garrantzitsua duen garaipena. 1-0 hartu du mendean Huesca eta hala, momentuz, jaitsiera postuak atzean utzi ditu talde babazorroak. Callejak bide onetik hasi du ibilbidea Gasteizen. [Partidaren xehetasunak

Babazorroak Battagliaren gola ospatzen. (Endika PORTILLO / FOKU)
Babazorroak Battagliaren gola ospatzen. (Endika PORTILLO / FOKU)

Hil ala biziko neurketan garaipen garrantzitsua eskuratu du Alavesek Battagliak 85. minutuan egindako gol bati esker. Zortzi jadunaldi eta bi hilabete beranduago, hiru puntu batu ditu talde babazorroak eta hala, jaitsiera postuak atzean utzi ditu, momentuz bada ere (Valladolidek Athleticen aurka jokatu behar du 33. jardunaldia eta beraz, hilaren 28an bisitatuko du San Mames). 

Sekulako hauspoa suposatu duen garaipena izan da igande arratsalde honetan eskuratutakoa eta horren erakusgarri izan dira jokalari babazorro zein Javi Calleja entrenatzailearen ospakizunak. Zer nolako poza erakutsi dute, eta ez da gutxiagorako!

Abelardoren kaleratzearen bueltan zenbait zurrumurruk sentsazio eskasez inguratu zuten taldea eta entrenatzaile asturiarrarekin erakutsitako jokoak ere ez zuen esperantzarako tarterik uzten. Lucas Perez bezalako jokalari trebeak hamaikakoan tokirik ez edukitzeak zalantzak piztu zituen, hala nola hasiera batean Jota Peleteiroren presentzia galerak ere. Battaglia ere ez zen Pitu Abelardoren jokalari giltzarrietako bat –Machinekin gehien jokatu zuen jokalaria izan zen, Pacheco atezainaren atzetik–.

Taldea Bigarren Mailara kondenaturik zegoela zirudien berdeguneko zein zelai kanpoko sentsazioengatik baina bi partidatan lau puntu batu izanagatik, tunel bukaeran argi izpiren bat sumatu du talde babazorroak. San Mamesen Pachecoren geldituen ondotik batu zuen puntua eta Huescaren aurka, neurketa trabatua izanagatik ere, garaipenaren bila zentratu dira gasteiztarrak.

Hala erakutsi du Javi Calleja berak sei minuturen faltan egindako aldaketa bikoitzarekin. Arerio zuzen bat mendean hartzea garrantzitsua izan arren, ez galtzea ere zenbaitetan funtsezkoa izaten da. Nolanahi ere, madrildarra kontziente zen puntu bakarra ez zela nahikoa Alavesentzat eta hala, Deyverson eta Guidetti aurrelariak zelairatu ditu beste bi golegileren partez, aire freskoa zelairatzeko helburuarekin. 

Lehenago, Pellistriren aldeko apostua ere egin du, hegaletik min eman asmoz. Eta egiari zor, Uruguayko jokalari gazteak abileziazko zenbait xehetasun utzi ditu. Bigarren zati horretan, lehen zatian legez gol aukera gutxi egon badira ere, babazorroak erosoago sentitu dira berdegunean eta horren ordainsaria Battagliaren jaurtiketa batean etorri da. Jokalari argentinarrrak bere lehen gola sartu du Alaveseko elastikoarekin eta izugarrizko balioa –urrearena esan daitake– daukan garaipena lortzeko baliagarria izan da. Egiari zor, 88. minutuan Escricheren erremateak langan jo izanak ere lagundu du hiru puntuak poltsikoratzen. 

Orain neurketa bat gutxiago falta da liga bukatzeko. Zazpi final geratzen zaizkio Alavesi baina behintzat hurrengoa jaitsiera postuetatik at hasiko du (27 punturekin berdinduta daude Valladolid, Huesca eta Alaves). Garrantzitsua izango da garaipen baten ostean Vila-real gisako talde baten aurka indarrak neurtzea (asteazkenean 21.00etan Mendizorrotzan).