NAIZ

Montevideoko Filtroko istorioa, Kaxa Hutsetatik aterako den lehena

Ostegunean aurkeztuko da Iruñean ‘Kaxa Hutsak’ proiektu dokumentala, eta egun horretan bertan irekiko du kutxa, barruan jada gordetako istorioak argitara emanez. Lehenengo protagonista, aski ezaguna: Josu Lariz, besteak beste Montevideoko sarraskia oroitarazten digun euskal iheslaria.

Josu Lariz, dokumentalaren une batean.
Josu Lariz, dokumentalaren une batean.

1994 urtetik 2021 urtera; jada 27 joan dira, baina euskal herritar askoren gogoan bizi-bizirik segitzen du Uruguaiko hiriburuko Filtro ospitalean gertaturikoak. Bertan hil zituzten Fernando Morroni eta Roberto Facal gazteak, euskal iheslariak Espainiaratzearen aurka kalean protesta egiteagatik, milaka herrikiderekin batera.

Gogorra izan zen, oso, eta hala ere, Josu Larizen atzerriratze luzearen pasarte bat baino ez da, hiru hamarkadaz luzatu baita zigor politiko hori bere kasuan.

Eta zein harremana dago Lariz eta ‘Kaxa Hutsak’ proiektu honen artean? Bere bultzatzaileek hobeto azalduko –eta batez ere erakutsiko– dute hurrengo ostegunean Iruñean, baina jada aurreratu denez, arnas luzeko egitasmo dokumental baten lehenengo lanaren protagonista da Josu Lariz.

Izan ere, ihesean ibili behar izan duten euskal herritarrengan jarri du fokua ‘Kaxa Hutsak’ honek. Zenbait galdera luzatu dituzte, bere helburuaren aurrerapen gisa: «Zer dakigu horri buruz? Zer dakigu joan zirenei buruz? Non bizi dira? Nola bizi dira? Guk ez dugu armairu horretan ateak irekitzeko intentziorik, baina barrura begiratu nahi dugu eta armairua, izan badela, erakutsi».

Momentuz, kutxa hurrengo ostegunean zabal-zabalik egongo dela eman dute aditzera. Ikusiko.