65 eta 79 urte bitartean dituzte pentsiodun gehienek, eta covid-19aren aurkako txertoa jasotzeko zain daude oraindik, eurena «arrisku taldeetako bat» den arren.
Araba, Bizkai eta Gipuzkoako erretiratuek mobilizazioak egin dituzte astelehen honetan hori salatzeko, bai Bilbon, udaletxean hasi eta Osasunaren Lurralde Ordezkaritzaraino joanez, eta bai bertze herri ugaritan, administrazio zentroen eta Osakidetzaren aurrean protesta eginez. `Txertoa Osasuna Lehentasuna´ hartu dute lelotzat.
Bizkaiko Pentsiodunen Mugimenduko eleduna da Andrea Uña eta Europa Pressekin mintzatu da Bilboko manifestazioan. Oroitu duenez, izurritearen hasieran «etxean sartu» zituzten adin tarte honetako lagunak, «apenas ateratzeko aukerarik gabe», «babesteko».
Horregatik, Pentsiodunen Mugimenduak ez du ulertzen zergatik, txertoak izanda, ez dituzten oraindik 65 eta 79 urte bitartekoak immunizatu. Argitu duenez, ez dute protesta egiten immunizatu behar diren bertze kolektiboak txerta ez ditzaten. Baina «harrituta» daude pentsiodunak txertatu gabe daudelako.
Sagarduiren mezu aldakorrak
Uñak azaldu duenez, duela bi aste Gotzone Sagardui Osasun sailburuari bidali zioten gutun batean du jatorria mobilizazioak. Karta jaso ondotik, Sagarduik 60 eta 69 urte arteko pertsonak txertatzen hasiko zirela iragarri zuen, eta pixkanaka-pixkanaka 70 eta 79 urte arteko herritarrak txertatzen joanen zirela ere bai. «Handik bi egunera», ordea, bertze mezu bat igorri zuen: «Ez dago txertorik».
Joan den ostegunean, 60 urtetik beherako herritarrak ez dituztela «momentuz» AstraZenecarekin txertatuko jakinarazi zuen sailburuak; bai, ordea, 60tik 69 urte artekoak. Biharamunean, 70 eta 79 urte bitarteko jendeari bertze txerto bat jarriko diotela eta prozesu hori taldeko zaharrenetatik, 79 urtetik behera, hasiko dela iragarri zuen.
Iragarpen horien ondotik, berriro ere mezu bidez jarri dira harremanetan adin hauetako pertsonekin, «momentuz» ezin dituztela txertatu jakinarazteko, dosiak bukatu direlako eta gehiagoren zain daudelako.
Horren aitzinean, pentsiodunak kalera atera dira, 65 eta 79 urte arteko lagun guztien txertatzea «arrazoirik gabe atzeratzen» ari direla salatzeko. Uñak agertu duenez, oraindik ez dute kolektiboa immunizatu, «ZIUak adin honetako jendez beteta» dauden arren eta «eritasun kronikoak» dituzten herritarrak izan arren.