Australia ekialdeko Narrabeen hondartzan ari dira lehiatzen uneotan lehen mailako lehiakideak, WSL itzuliko hirugarren txapelketan. Orain artean metro bateko olatuak izan dira. Narrabeen iparraldean altxatzen den ezker olatu famatua ez da azaldu, baina, hala eta guztiz ere, lehiakideak ikuskizun ederra eskaintzen ari dira.
Final laurdenetan dira nesken zein mutilen kategorian eta jada kaleratze esanguratsuak izan dira. Edonola ere, datozen ordu eta egunetan amaituko da Narrabeeneko txapelketa eta orduan bakarrik jakin ahal izango da Carissa Moorek eta Italo Ferreirak rankingeko lehen postuei eusten dieten.
Narrabeeneko lehiaketak bazuen berezitasun bat, izan ere, gazte zenetik bertan lehian aritu izan den surflari bati eman zioten parte hartu ahal izateko gonbidapenezko wildcard-a, Mick Fanning mitikoari. Aurkari zailak izan zituen australiarrak eta, azkenean, hirugarren txandan Italo Ferreira brasildarrak kaleratu zuen.
Nesken kategorian, Johanne Defay tahitiarra izan zen puntuazio altuenak jaso zituen lehiakidea. Bestalde, Newscastlen rankingeko lidergoa galdu zuen Tyler Wrightek orkatilako lesio batekin lehiatzen ari dela jakinarazi zuen.
Bi belaunaldi buruz buru
Zalantzarik gabe zaleek gehien itxaron zuten txanda Fanningen eta Ferreiraren artekoa izan zen. Hiru bider munduko txapeldun izandako Fanning (2007, 2009 eta 2013), WSL titulua 2019an irabazi zuen Ferreiraren kontra. Bi belaunaldi buruz buru lehian. 40 urte ditu australiarrak eta 25 urte brasildarrak.
Surf egiteko modu jakin bana ere ordezkatzen dute bi surflariok. Fanningek duen ezaugarri nagusia bere estiloa da. Patxadan marrazten ditu olatuak, baina, aldi berean, sekulako indarra erakusten du. Ferreiraren estiloa, ostera, brasildar gehienen antzera, oso elektrikoa da. Olatua hartu bezain laster mugimendua etengabea da, baita ariketa eta ariketa artean ere. Aitzitik, Fanningek ariketen artean ez du zipriztinik ateratzen, indar guztia ariketetan kontzentratzen du.
Lehen txandan kaleratu zuen Ferreirak australiarra. Bigarren aukerako txanda gainditu ostean, gainera, hirugarrenean berriz lehiatu behar izan zuen Fanningek ranking orokorrean lehen postuan den brasildarraren kontra. Bi belaunaldiren arteko buruz buruko lehiak ikusmin handia sortu zuen zaleen artean, izan ere, 2018an WSL zirkuitua utzi zuenetik Fanning lehen mailako txapelketa batean lehiatu gabea zen.
Sei olatu hartu zituen lehiakideetako bakoitzak txandak iraun zituen 30 minutuetan, bakoitzak bere estiloan. Ferreirak airekoak egin zituen eta Fanningek ondo marraztutako bira borobilak. Zortzi minuturen faltan Ferreira zen buru eta, lehentasuna zuenez, arerioaren ondoan jarri zen olaturik hartzen ez uzteko. Hiru minutu baino gutxiago falta zirenean olatu bat altxatu zen, Fanningek arraun egin zuen, baina Ferreirak, lehentasuna baliatuz, kendu egin zion. Geratzen ziren bi minutuetan olatu on bat hartzeko aukera zuen oraindik; 7,50 puntu behar zituen australiarrak, baina ez zuen horrelako puntuazioa emango zion olaturik hartu, eta kalean geratu zen.
Bi olatu hoberenekin 13 puntu bildu zituen Ferreirak (6,50 + 6,50). Fanningek, ostera, 9,33 puntu egin zituen (5,50 + 3,83). Txanda bitxia izan zen, Fanning etxean aritu arren eta Australian oso maitatua eta errespetatua den arren, Ferreirak olatu bat amaitzen zuenean entzuten ziren txalo eta oihuak handiagoak baitziren Fanningek jasotzen zituenak baino, brasildar ugari bildu baitzen hondartzan.
Gainera, orain ikusleek beren surflari kutuna bozka dezakete eta, hala, txanda bakoitzeko puntuazioekin batera, lehiakide bakoitzak sarean jasotako babesa zenbatekoa den agertzen da. %82k bozkatu zuten Ferreiraren alde eta %18k Fanningen alde.
Johane Defay eta Tyler Wright
Nesken kategorian Johane Defay izan zen puntuazio altuenak jaso zituen surflaria. Bikain aritu zen. Bizkarkako birak egiten 16,66 puntu bildu zituen bigarren txandan. 8,33 puntuko bi olatu egin zituen tahitiarrak eta hirugarren txandara pasatzea lortu zuen. Ondorioz, bi bider munduko txapeldun izan zen Tyler Wrightekin (2016 eta 2017) lehiatuko da hurrengo txandan.
Newscastlen WCT rankingeko lidergoa galdu zuen australiarrak jakinarazi duenez, duela zenbait aste orkatila hautsi zuen eta oraindik guztiz osatu gabe ari da lehian. «Biriketako infekzio txiki bat izan nuen Hawaiin, etxera iritsi eta orkatila hautsi nuen, eta gero berriz gaixotu nintzen. Hori dela eta, pixka bat frustratuta sentitzen naiz, nire lana ez dudalako ahalko nukeen bezain ongi egin ezin», azaldu zuen Wrightek txandaren ostean egin zioten elkarrizketan.