NAIZ

Protestara deitu dute Steilas eta ESK-k, unibertsitate publikoaren alde eta Euneizen aurrean

Gasteizko Legebiltzarrak Baskonia-Alavesek sustatutako Euneiz unibertsitate pribatuaren lege-proiektua laster onartuko duela aurreikusita, ESK eta Steilasek elkarretaratzea antolatu dute bertan datorren astelehenerako, apirilak 26, 12.00etan, urrats hori gaitzetsi eta publikoa defendatzeko.

Zerbitzu publikoa indartzearen aldeko lana egiten ari dira sindikatuak, tartean ESK eta Steilas. Irudia joan den astean Donostian hartua da, asteazken honetako grebari begira. (Andoni CANELLADA/FOKU)
Zerbitzu publikoa indartzearen aldeko lana egiten ari dira sindikatuak, tartean ESK eta Steilas. Irudia joan den astean Donostian hartua da, asteazken honetako grebari begira. (Andoni CANELLADA/FOKU)

Prest dago jada Euneiz unibertsitate pribatuarentzako «alfonbra gorria», salatu dute ESK eta Steilasek. Izan ere, joan den martxoaren 16an onartu zuen Lakuako Gobernu Kontseiluak Baskonia-Alavesek bultzatutako unibertsitate hori EAEn egoitza duen unibertsitate pribatu gisa aitortzen duen lege-proiektua. Hortaz, bere bideari ekin ahal izateko proiektuari gelditzen zaion pauso bakarra Legebiltzarrak bere aitorpena onartzea da. Bi sindikatuek argi utzi nahi dute egitasmo honen aurka daudela, eta horretarako, eta «euskal jendarteak merezi duen kalitatezko unibertsitate publikoa» babesteko, elkarretaratzera deitu dute.

Astelehenean, apirilak 26, izango da protesta, 12.00etan legebiltzarraren aurrean, `Unibertsitatea ez da negozioa: publikoa defenda dezagun´ leloarekin. Ganbera honek Euneiz unibertsitatea onartuko duela aurreikusten dute, EAJren eta PSEren gehiengoari esker.

«Xede nagusia negozioa egitea da»

Josean Kerejetak, Baskonia eta Deportivo Alaves taldeetako akziodun nagusiak, sustatzen duen proiektua defendatzeko, botereguneetan daudenek berrikuntza teknologikoari egingo dion ekarpena, Gasteiz munduko unibertsitateen mapan kokatzea eta gisako argudioak erabili dituzte. Steilasen eta ESKren iritzia, ordea, bestelakoa da: «Egitasmoaren xede nagusia negozioa egitea da».

«Unibertsitate pribatuen ohiturari jarraiki, ase gabe dagoen eskaeraren aitzakiari heldu dio honek ere, baina datuek hori gezurtatu besterik ez dute egiten. Fisioterapiako Gradua, adibidez, EHUk jada eskaintzen duen titulazioa da, zehazki 60 plaza berrirekin. Gainera, datorren ikasturtetik aurrera, Deustuko Unibertsitateak ere eskainiko du 120 plazarekin», adierazi dute.

Horretaz aparte, Girona eta Tarragonako Unibertsitate pribatuen lankidetzarekin datorren proiektu honek Unibasq agentziaren kontrako txostena jaso zuela azpimarratu dute sindikatuek. Bertan ebaluatzen diren sei dimentsioetatik lauri eman zien zehazki balorazio negatiboa Euskal Unibertsitate Sistemaren Kalitate Agentziak.

«Zer nolako lan baldintzak izango dituzte bertan arituko diren irakasleek? Beraien ikerketa eginkizunetarako zer nolako azpiegitura eta baliabide materialak izango dituzte eskuragarri? Euskarazko ikasketa-lerrorik egongo al da?», galdetu dute.

«Bizi dugun pandemia egoera honek, diru publikoa osasun eta hezkuntza publikoan inbertitzearen beharra zenbaterainokoa den erakutsi digu, baina badirudi batzuek ez dutela oraindik irakasgaia ikasi. Horrelako apustuek ez dute unibertsitate publikoa defendatzen, ez dute berdintasun aukerak bermatzen dituen unibertsitatea defendatzen, ez dute gizarte justuaren alde egiten, ez dute gizarte kohesionatua bilatzen», azaldu dute. Aitzitik, horrelako erabaki batek, «batzuen poltsikoaren mesederako, EAEko unibertsitate publiko bakarraren, EHUren, ahultzea bakarrik» ekarriko duela baieztatu dute ESK eta Steilasek.