Telesailak azkarregi ikusten dituzu?
Atal berriak gogotsu utzi zaitu eta hurrengoa irensteko irrikan geratu zara? Ezin duzu itxaron, zeure telesail gogokoenaren denboraldi berria iritsi arte? «Cliffhanger» baten menpe geratu zarela esatera nator!
«Cliff» (amildegia) eta «hang» (zintzilikatu). Hau da: «Cliffhanger», «amildegitik zintzilik». Eta zertara dator ingelesezko ikastaro azkar hau? Lasai, ez izutu, hitz horrek telesailekin duen lotura zuzena azaltzera nator, nahiz eta kontziente ez izan, “Cliffhanger unea” oso maiz ikusi eta batez ere sentitzen duzun zerbait baita.
Atal konkretu baten azken eszenan ikusi edo sentitu daiteke normalean, baita film edo liburu baten azken uneetan ere. Gugan sortzen duen sentimendua zirrara, egonezina, suspensea eta batez ere hurrengo atala ikusteko irrikan egotea da. Hain zaila eta erraza era berean, hori da cliffhanger-a, istorio bat amaitzera doanean, ezusteko zerbait gertatu eta bat-batean “The End” hitzak ikusten ditugunean. «Hurrengo atala ikusi behar dut!», «noiz estreinatzen da hurrengoa?» buruan bueltaka dabilzkigun bitartean, baliabide honek lortu du bere helburua, ikuslea harrapatu eta hurrengo emanaldien garapenaz interesatzea. Ez du zertan sekuentzia oso bat izan, istorioaren eta medioaren arabera, irudi soil bat izan daiteke, ekintza bat ala zergatik ez, esaldi bat.
Jatorria
Jatorria, 1873ko “A Pair of Blue Eyes” izeneko pulp eleberrian dauka. Istorio zati hauek hilabetean behin argitaratzen ziren egunkariarekin batera. Espero zen bezala, Thomas Hardy idazleak liburu horren heroia amildegitik zintzilik uztea erabaki zuen. Hortik aurrera hainbat idazle baliabide erraz bezala erabiltzen hasi ziren. Urte batzuk geroago, zazpigarren artera egin zuen salto, eta bien arteko lotura erabat argi ez dagoen arren, badirudi zinema mutuan aurki dezakegula sorrera, “The Perils of Pauline” izeneko film sorta batzuetan konkretuki.
Azken orrialdeetan, neska estutasunetan ikusiko zenuen beti, hiltzeko zorian, baina hurrengo emanaldiaren hasieran libratu egingo zen. Hortik komikietara eta azken hamarkadetan telesail eta bideo jokoetara pasatu zen efektu hau.
Egun existitzen den konpetentzia bortitza dela-eta, ikuslea fidelizatzea ezinbesteko arma bihurtu da. Edozein istorio puska txikietan zatikatzean baliabide hau tartekatzeak tresna oso eraginkor bihurtzen du. Modu horretan, ikuslea/irakurlea/jokalaria irrikan uzten du guztiz harrapaturik utzi duen istorio horren amaiera nola izango den jakin arte. Betiere, noski, gidoiarekin bat etorri behar duen errekurtsoa dela nabarmenduz, eta ez tranpa lardaskeria. Gainontzean, azkenean amildegitik behera eror daitekeena telesaila bera izan daiteke.
«Zeigarnik efektua»
Eta zergatik da hain eraginkorra efektu hau? Zeigarnik efektua izeneko fenomeno psikologiko bati esker. Amaitu gabeko zereginak, edo erraztasun gehiagorekin eten direnak, guztiz amaitu direnak baino errazago gogoratzearen joerari deritzo. Taberna batean zegoela antzeman zuen fenomeno hau Bluma Zeigarnik psikologoak. Bertako zerbitzari batek egiteke zituen eskaeren zerrenda luze bat erraztasunez gogoratzen zuen, baina zerbitzatu berri zituen plateren izenak aldiz, ez zituen oroitzen.
Bere garaian, “Lost”, “Dexter” edo “Prison Break” bezalako telesailak ospetsu egin ziren baliabide hau etengabe erabili zutelako, ikuslea azazkalik gabe eta urduritasun kontrolaezin baten menpe utziz. Tamalez badira beste hainbat kasu, cliffhanger erraldoi baten menpe betiko geratuko direnak, bertan behera geratu ziren “Carnivale”, “Deadwood” ala “Pushing daisies” esaterako. Tramarekin gehiegi arriskatu zutelako ala besterik gabe, erdi mailako ikusleek ez zutelako haien handitasuna ikusi nahi, merezitako amaierarik gabeko telesail bihurtu dira.
Netflix fenomenoa
Egia da bestalde, gaur egun Netflix plataformak telesailak igortzeko erabiltzen duen metodoak (denboraldiak osorik zintzilikatzen dituztela, alegia) zeharo aldatu duela efektu honen eraginkortasuna, gugan sortzen duen “behar” hori ia momentuan asetzeko aukera eskaintzen duelako. Onerako ala txarrerako telesail ala, behintzat, denboraldi osoak asteburu bakar batean irentsi ditzakegu, eta aipatzen ari garen efektu honen eragina desberdina da.
«McGuffin»-ak eta ikuslea harrapatzeko beste amarruak
Beste kontzeptu bat azaltzeko aprobetxatuko dut Pantaila Txikian-eko atal berri hau: «McGuffin»-a. Ez nahastu, gaur egun, modernoek betiko magdalenei deitzeko erabiltzen duten muffin hitzarekin. McGuffina, ikus-entzunezkoetan erabiltzen den baliabidea da, istorioan garrantzi gutxi edo batere ez izan arren, pertsonaiek argumentuan aurrera jarraitzeko balio duena. Batzuek, gidoia lantzerakoan, ikuslea harrapatzeko amarru oso eraginkorra dela diote. Besteek aldiz, istorio baten barruan argibiderik gabe uzten den elementu iruzurgilea. Eztabaida hau argitzeko, Alfred Hitchcock zuzendaria gonbidatzea izango da onena, berak egin baitzuen teknika ezagun, baita hitza bera ere.
Ezagunak izan ziren suspensearen maisuak bere ibilbidean erabili zituen elementu, teknika eta baliabide zinematografiko ugariak. “Hitchcock/Truffaut”, liburuan zinemagile ingelesak François Truffaut zuzendariarekin egindako elkarrizketa sorta ageri da. McGuffin izena nondik datorren ere azaldu zuen: «Izenak jatorria music-hallean du. Bi gizon tren batean zihoazen eta haietako batek besteari honakoa galdetu zion: ‘Zer duk hire buru gaineko maletategian doan pakete hori?’. Besteak erantzun zion: ‘Ah, hori McGuffin bat duk’. Beste gizonak bigarrengoz galdegin zion: ‘Zer duk McGuffin bat?’, eta bere bidaia kideak erantzun: ‘McGuffin bat Eskozian lehoiak ehizatzeko gailu bat duk’. ‘Baina Eskozian ez zagok lehoirik’, bota zion lehenbiziko gizonak. ‘Orduan hor dagoena ez duk McGuffin bat’, amaitu zuen bigarrenak».
Benetan garrantzitsuena McGuffin hori pantailan ez azaltzea zenez, emandako erantzuna hitzaren jatorria saihesteko sortu zuen hitz joko bat besterik ez zen izan. Zazpigarren artera eramanda, kontzeptuaren funtsa berdina zen. Bere filmografia errepasatuz gero, argi eta garbi antzeman daiteke, “Rear Window” (1954) filmean adibidez: inoiz ikusten ez dugun ustezko hilketak protagonista eta bizilagunen arteko trama sortzen du. Edo “North by Northwesten” (1959), James Masonen pertsonaiak jarraitzen dituen dokumentu sekretu horiek. Edo, nola ez, “Psycho” (1960) ezagunean, Norman Bates azaltzen den unean, ustezko argumentu nagusia zirudien diru lapurreta erabat baztertzen denean.
Quentin Tarantino
Baina Hitchcock alde batera utzita, errekurtso hau zinemaren historian eragin handia izan duen beste zuzendari batek ere sarritan erabili izan du: Quentin Tarantino. “Pulp Fiction” filmean (1994) ageri den maleta ezagunarekin adibidez. Istorioaren hainbat unetan ageri den objektua da. Badakigu protagonistentzat garrantzitsua dela, baina ez da ikusleak arreta gehien eskaintzen dion elementua. Barruan zer dagoen jakin nahi dugu, baina funtsezkoena da Vincent Vega eta Mia Wallaceren arteko zita nola joango den. Orduan, objektu hori gidoitik ezabatu eta berdin-berdin? Ez. Maleta hori existituko ez balitz, Marcellus Wallacek ez lituzke Vincent eta Jules kontratatuko eta agian Samuel L. Jacksonek gorpuzturiko hiltzaile horrek ez luke bere etorkizuna zalantzan jarriko duen “miraria” jasango. Laburbilduz, guretzat oharkabean pasatu den elementua, istorioan inflexio puntua izan da. Horregatik izan ez balitz, aurrerago gertatuko diren akzio guztiek ez lukete inongo justifikaziorik izango.
Dena den, ez du zertan objektu bat izan. Istorioa aurrera eramateko motor hori kontzeptu bat ere izan liteke. “Citizen Kane” (1941) filmean esaterako. Argumentu nagusia Charles Foster Kean (Orson Welles) estatubatuar enpresaburu garrantzitsuaren bizitzari buruzkoa da. Komunikabideetako William Randolph Hearst-en bizitzan oinarritua dago. Filma, enpresaburuak bere heriotza unean aipatutako hitz batez hasten da: «Rosebud». Iritzi publikoa hitz horren zergatiaren jakin-minez dago eta kazetari talde bat esanahia topatzeko asmoz haren bizitzaren xehetasunak ikertzen hasiko da.
Baina ikuspegi orokor batetik aztertuz, kontzeptua bi generoetan antzematen daiteke gehien: alde batetik, abenturak ardatz dituzten filmak. “Indiana Jones”-en, pertsonaiari aurrerago gertatuko zaizkion gertaera guztien motibazio iturri izango den erlikia konkretu baten bilaketa adibidez. Edo pantaila txikira bueltatuz, “Lost” telesailean, esaterako. Trama nagusia gertaera harrigarriak jasaten dituen uharte batean gertatzen da. Irla horretan gertatzen diren misterio gehienak, jatorria barne, argitu gabe geratzen dira. Istorioa eta, batez ere, telesailaren benetako bihotza diren pertsonaiak “mugitzeko” McGuffin bat besterik ez zen izan.
Eta bestetik jakina, suspense eta espioitza telesailetan: mikrofilm bat, datu oso garrantzitsuak dituen diskoa, babestu beharreko pertsona bat… beti dago guztia mugituko duen McGuffin horietako bat. Hori bai, inongo arazorik gabe beste edozerengatik ordezka daitekeena: okerreko eskuetan erori ezin den arma arriskutsua, superarmada bat sortzeko gakoa emango lukeen formula sekretua…
Xehetasun hutsala dirudien arren, gaur egun kontsumitzen ditugun ikus-entzunezko produktuak aztertuz gero, gidoi teknika hau etengabe ageri dela ohartuko zarete. Ikuslea harrapatzeko tranpa orduan? Nire ustez ez. Amaierako mezuraino iristeko, kontsumitzailearen eta produktuaren artean dagoen komunikazio hori errazteko baliabide bat besterik ez delako. Tarteko hari guztiak ongi ehunduta utzi behar direnez, gidoilariek gida moduan istorioa eraikitzen laguntzeko erabiltzen duten ideia edo arrazoia, besterik ez.