Gaurko osoko bilkuran iragarri duenez, Ander Rodriguezek legebiltzarkide kargua utziko du aste honetan bertan laneko arrazoiak direla eta. Rodriguez ikertzaile arkeologoa da lanbidez eta eremu horretara itzuliko da; hemendik aurrera EHUko Geografia, Aurrehistoria eta Arkeologia Sailean arituko da, doktoratu aurreko ikertzaile bezala, eta dimisioa eman du bere zeregin berri hori ez baita legez bateragarria Gasteizko Legebiltzarrean modu egokian jarraitzearekin, EH Bilduk jakitera eman duenez.
Ander Rodriguez 1982. urtean jaio zen Arrasaten eta 2011tik 2015era Gipuzkoako Foru Aldundiko Gizarte Politikako foru diputatua izan zen, Martin Garitano herrialde honetako ahaldun nagusia izan zenean. Alternatibako kidea da Ander Rodriguez.
Rodriguez 2019ko irailean sartu zen EH Bilduren talde parlamentarioan eta orain Garikoitz Mujikak (Idiazabal, 1982) ordezkatuko du, Gipuzkoako EH Bilduren hautagai-zerrendako hurrengoak, alegia.
Mujika kazetaria da lanbidez eta 2011n hasi zuen bere ibilbide politikoa, Donostiako Udalean, Juan Karlos Izagirreren eskutik, Alkatetzako idazkari moduan. 2017az geroztik EH Bilduko zuzendari nagusia da. Kazetari moduan GARA egunkarian lan egindakoa da Garikoitz Mujika.