Aroztegian konplexu turistiko bat eraikitzeko lanen kontrako protesta Baztandik Iruñerrira mugitu da gaur. Hainbat eragile eta norbanako Tex enpresaren egoitzaren aurrean (Barbatainen, Galarko zendean) elkarretaratzea egin dute obrak gelditzeko exijituz. Mezu hori zuen gutun bat eman diote enpresaren zuzendaritzari.
«266 bigarren etxebizitza, hotela eta golf zelai bat bilduko dituen makroproiektu hau Nafarroan azken urteetan burutuko den pelotazo urbanistikorik handiena izanen da. Baztango Udala eta herritarren borondatearen kontra, Nafar Gobernuak PSIS delako trikimailu juridikoa aplikatu du, ilegalki hasiera emanez», salatu dute.
«Argi eta garbi salatu nahi dugu Geroa Bai eta PSN alderdien jarrera. Haien burua aurrerakoi eta ekologistatzat duten alderdi hauek haien poltsikoak bete eta amalurra suntsitzen duten proiektu guztiak sutsuki defendatzen dituzte», gaineratu dute.
«Bestalde, azpimarratu nahiko genuke hau ez dela baztandarrek soilik pairatuko duten turistifikazio arazo bat, Nafarroak eta Euskal Herri osoak baizik», adierazi dute.
«Hau dela eta, Lekarozen burutzen ari den erresistentzia kanpaldian parte hartzeko deialdia luzatzen dugu, goizero presentzia polizialaren gainetik obrak gelditzen ari baikara», esan dute.
Gauzak horrela, maiatzaren 15ean, 17.30ean Elizondoko plazatik abiatuko den manifestazioan parte hartzeko deia egin dute.