NAIZ

Bilboko Udalak dirulaguntzak emango ditu bizikleta elektrikoak erosteko

Bilboko Udalak pertsona bakoitzeko 200 euroko dirulaguntza emango du bizikleta elektrikoak erosteko, baldin eta gehienez 1.500 euroko prezioa badaukate, BEZik gabe. Bizikletak konpontzeko ere 50 euroko dirulaguntza emango du.

Txirrindulariak Bilbotik. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)
Txirrindulariak Bilbotik. (Luis JAUREGIALTZO/FOKU)

Bilboko Udaleko Mugikortasun eta Iraunkortasun Sailak hirigunean bizikleten erabilera sustatzeko laguntza-plan bat aktibatu du. Alde batetik, pertsonako eta bizikletako 200 euroko dirulaguntzak emango dira 1.500 euroko gehieneko prezioa duten bizikleta elektriko berriak erosteko, BEZik gabe eta bestetik, 50 eurora arte ordainduko dira edozein bizikleta mota konpontzeko edo mantentzeko eragiketak, baldin eta horien zenbatekoa 50 eurotik gorakoa bada, BEZik gabe.

Mugikortasun eta Jasangarritasun Arloak 50.000 euroko gehieneko zenbatekoa ezarri du dirulaguntza lerro honetarako (20.000 erosketarako eta 30.000 konponketarako), eta 2021eko urriaren 30era arte egongo da aktibo.

200 euroko laguntza hau Bilbon erroldatutako helduek eskatu ahal izango dute, baldin eta hiri-bizikleta elektriko bat erosten badute. Erosketa Bilboko saltoki batean egin beharko da, 2021eko urriaren 30era bitartean. Laguntza hauek jasotzeko eskabideak aurkezteko epea datozen egunetan irekiko da eta 2 hilabeteko iraupena izango du.

Gainera, dirulaguntza hau 1.500 euroko gehieneko salmenta-prezioa (BEZ kanpo) duten bizikleta elektrikoei bakarrik emango zaie. Pertsona bakoitzak gehienez bizikleta baterako eskatu ahal izango du laguntza eta gehienez ere bizikleta bat erosteko eman ahal izango da dirulaguntza.

Laguntza hau hiri-erabilerarako bizikleta elektrikoak erosteko da soilik eta beraz, kanpoan geratzen dira kirol-erabilerakoak (errepidea edo mountain bike delakoak), haurrentzako bizikletak eta deialdiko baldintza teknikoak betetzen ez dituzten bizikletak.

Dirulaguntza hauek jaso nahi dituztenek bastidore-zenbakia, bateriaren serie-zenbakia eta bizikletaren motorraren zenbakia sartu beharko dituzte eskabidean. Beharrezkoa da, halaber, BiciErregistroan inskribatzea (www.biciregistro.es).