NAIZ

«Harrerarako eta bizitzarako lurraldea garela» aldarrikatu dute Irunen

Euskal Herria «harrerarako eta bizitzarako lurraldea dela» aldarrikatu dute, beste behin ere, irundarrek. Joan zen igandean hilik agertu zen Eritreako gaztea gogoan izan dute elkarretaratze batean. Anartean, Hendaiako Atxikitze Zentroan migrante batek ezpainak josi ditu gaur.

Irungo herritarrek elkarretaratzea egin dute Harrera Sareak luzaturiko deiari erantzunez San Juan plazan. (Jagoba MANTEROLA)
Irungo herritarrek elkarretaratzea egin dute Harrera Sareak luzaturiko deiari erantzunez San Juan plazan. (Jagoba MANTEROLA)

Irungo Harrera Sareak eginiko dialdiari jarraituz jende anitz bildu da gaur arratsaldean San Juan Plazan.

Ekimen horren bidez joan zen igandean hiriko Azken Portu kiroldegiaren atzekaldean urkaturik agertu zen Eritreako gaztea izan dute gogoan.

21 urte zituen gazte horren heriotza indarrean dauden migrazio politikekin lotu dute mobilizazioaren antolatzaileek.

Atzo Hilanderas aterpearen atarian eginiko agerraldiaren bidez Harrera Sareak hitz gogorrak izan zituen politika horien sustatzaileen kontra.

Euskal administrazioek eginiko lana ez dela nahikoa argi utzi zuen aipaturiko taldeak.

Gasteizko Gobernuari, Foru Aldundei eta udalei, finean migratzaileen harrerarako erakunde arteko mahaia osatzen duten eragileei, «giza eskubideen eta pertsonen alde lan egitea» eskatu zien sareak, horrendako ezinbesteko jo zuelarik «pertsona migranteei eragiten dieten harrera-irizpide murriztaileak eta diskriminatzaileak berrikustea eta zabaltzea».

Era berean, aipaturiko erakundeei «eskumen mugen atzean ezkutatu ez daitezela eta Hendaiako muga arrazista irekitzeko politika egin dezatela» galdetu zien herritar taldeak.

Gaurko ekimenaren bidez Eritreako gaztearen heriotza argitzeko eskaera berretsi du sareak.

Gaur gaurkoz informazio gutxi dago Ertzaintzak eginiko ikerketaren arabera bere buruaz beste egin zuen herritarrari buruz.

Pertsona hori ez zegoen Irunen erroldaturik. Gazteak ez zuen bizitoki agiririk, eta bere jatorria eta adina aintzat harturik oso litekeena da trantsitoan zegoen pertsona bat izatea. Hori da edozein kasutan Irungo Harrera Sareak hobetsi duen hipotesia.

«Mamu bat bihurtu baino» persona hori identifikatu, horren ondotik bere familiarekin harremanetan sartu eta bere gorpua aberriratzeko tramiteak betetzea galdetu du sareak.

Ezpainak jo ditu migrante batek Hendaian

Bestalde, gaur Cimade elkartean jakitera eman duenez Hendaiako erretentzio zentroan dagoen 34 urteko pertsona batek ezpainak jostea erabaki du bizi duen egoera salatzeko. Badira hiru egun gose grega abiatu zuen bere kanporaketaren aurka egiteko.

«Astelehenean bi punturekin ezpainak josi zituen hari zuriarekin. Ostegun honetan beste puntu bat josi du. Ikusi dudanean saiatu da apal hitz egiten, baina ezintasunez buruarekin keinuak egin ditzan erran diot», azaldu dio Kazeta.eus hedabide digitalari Maite Etcheverry La Cimade elkarteko langileak.

«Ez du kanporatua izan nahi, bere emaztea hemen dago, z du maite dituenengandik urrundu nahi», azpimarratu du elkarteak. Azken honek, «kanpotarren kontra» administrazioak duen jarrera salatu du, pertsona horien oinarrizko eskubideak urratzen dituela deitoratuz.