NAIZ

130 lagun hil dira Mediterraneoan izandako azken hondoratzean

Bizirauteko igotzen dira ontzira, baina sarri heriotza aurkitzen dute Mediterraneoan. Ostiral honetan itsasoak beste 130 pertsona irentsi dituela jakinarazi dute migranteei laguntzen dieten Gobernuz Kanpoko Erakundeek. Libiako kostan hondoratu dira, Tripolitik hurbil, eta ez da inor bizirik atera.

Ocean Vikingek hondoratutako ontziaren arrastoak aurkitu ditu. (@SOSMedFrance)
Ocean Vikingek hondoratutako ontziaren arrastoak aurkitu ditu. (@SOSMedFrance)

Beste 130 pertsona irentsi ditu Mediterraneo itsasoak, migranteei laguntzen aritzen diren Gobernuz Kanpoko Erakundeek abisatu dutenez. Ostegunean, Ocean Viking ontziak, SOS Mediterranee erakundearenak, dozena bat gorpu ikusi zituen uretan, Libiako kostaldean, Tripoli ekialdean.

Etorkinen laguntzarako telefono zerbitzuaren, Alarm Phone delakoaren alarma deia jaso ondotik, txalupa xume batzuen erreskatera abiatu ziren Ocean Vikingekoak. Ontzien arrastoak aurkitu zituzten, baina ez zuten inor bizirik topatu.

Beste ontzi bat, egurrezkoa eta 40 bat lagun zeramatzana, bilatzen ari dira oraindik.

«Hauek dira nazioarteko zuzenbidea eta giza agindu oinarrizkoenak errespetatzen ez dituzten politikek pertsonengan dituzten ondorioak», salatu du sare sozialetan Antonio Ambrosi Migrazioen Nazioarteko Erakundearen (OIM) zuzendariak, hondoratze hauen berri izan eta gero.

Nazio Batuen Erakundearen Giza Eskubideen goi mandatariak, Carlotta Samik, aldiz, honako galdera bota du Twitterren: «Noiz izanen da aski? Pertsona gaixoak. Zenbat esperantza, zenbat beldur. Hainbeste indiferentziarekin talka egiteko destinuarekin».

Sei metro arteko olatuen artean

SOS Meditarranee GKEak azaldu duenez, Alarm Phone-ren deiari erantzunez, Ocean Vikingekin batera beste hiru ontzi joan ziren eta denborale latzari aurre egin behar izan zioten, sei metroko altuerako olatuei, pertsona hauen bizia salbatzeko «erlojuaren kontrako lasterketan». 

Baina alferrik izan zen. My Rose itsasontziak hiru gorpu ikusi zituen uretan eta Frontex Europako agentziak hondoratutako ontziaren arrastoak topatu zituen. Ocean Vikingek, gutxienez hamar gorpu ikusi zituela baieztatu zuen.

«Bihotza hautsia dugu, galdu diren bizitzetan pentsatzen dugu, baita maite dituztenei zer gertatu zaien seguru inoiz jakiterik izango ez duten familiengan ere», adierazi du Luisa Albera bilaketa eta erreskateko koordinatzaileak.

Alarm Phonek ontzi hauen bila joateko deia egin zuen sare sozialen bidez, migranteak olatu handien ondorioz hondoratzeko beldur zirela adierazi eta gero. Libiako agintariekin mintzatu zen telefono zerbitzu hau, baina itsasoaren baldintzak zirela medio, erreskatera ateratzeari uko egin zioten.