NAIZ

Bera Berak ez du Granollersekin kupidarik izan eta garaipen erraza lortu du (22-32)

Super Amara Bera Berak uste zuena baino garaipen errazagoa lortu du Granollersen eta Ohorezko Mailako lidertza are gehiago sendotu du. Bestalde, Zubileta Evolution Zuazok lehen garaipena lortu du bigarren fase honetan Teneriferen etxean irabazita (30-32).

Malena Cabok lau gol sartu ditu Granollersen aurkako partidan. (Xavi SOLANAS)
Malena Cabok lau gol sartu ditu Granollersen aurkako partidan. (Xavi SOLANAS)

Super Amara Bera Berak gertuago du Liga. Larunbat honetan Granollersi hasiera batean uste zuena baino errazago gailendu zaio (22-32). Bigarren zatiko 5-0eko partzialarengatik izango ez balitz (15-26tik 20-26ra pasa dira etxeko jokalariak), errenta handiagoa izango litzateke ziur aski. Renata Arrudak, hori bai, 22 geldiketekin amaitu du norgehiagoka.

Lehenengo minutu orekatuak eta gero, donostiarrek segituan hartu dute abantaila (2-6, 8:56 minutuan) eta pixkanaka handitzen joan dira, sei goleko errentara ere iritsiz (10-16, 29. minutuan). Hala ere, Granollerseko Elene Vazquezek 11-16koa ipini du atsedenaldira joan aurretik etxeko taldeari bizia emateko.

Hurrengo 30 minutuek lehen zatiko bide bera jarraitu dute. Bera Berako jokalariak abantaila handitzen joan dira partzialei esker. Adibide gisa, 0-5eko partzial batekin 12-24 jarri dira Imanol Alvarezen jokalariak.

Garaipenak ezin zuen ihes egin, baina Granollersen 0-5eko beste partzial batek markagailua estutu du (20-26, 51:51. minutuan). Bera Berak ez ditu besoak jaitsi eta garaipena ziurtatu du pista zail batean Ligako lidertza sendotzeko.

Zuazo, laugarren saiakeran bai

Laugarren saiakeran lortu du Zubileta Evolution Zuazok garaipena bigarren fase honetan. Aurretik, lehen hiru neurketak galdu zituen talde bizkaitarrak, baina gaur gauean, Tenerifen, garaipena eskuratu du (30-32).

Oso norgehiagoka orekatua jokatu dute bi taldeek. Egia da Zuazo aurretik izan dela momentu gehienetan –guztietan ez esateagatik–, baina bigarren zatiaren azken txanpan, hiru goleko errenta moztu eta etxeko taldeak berdinketa lortu du 26koarekin. Berriro errepikatu dute 27, 28 eta 29an, baina momentu horretan Magdalena Fernandez-Agustiren bi golekin eta Ainhoa Hernandezen beste batekin lortu dituzte bi puntuak bizkaitarrek.

PARTIDAKO FITXA:

KH7 BM Granollers 22 (11+11): Wiggins, Gonzalez (3), Capdevila (2), Castañera (1), Gomes (3), Guarieiro (1) eta Vegue (7, 2p) –hasierako zazpikoa-, Sobreprera (3, 1p), Vazquez (1), Prelchi (1), Torras, Colomer, Moragues eta Mera.

Super Amara Bera Bera 32 (16+16): Arruda, M. Etxeberria (3), Arrojeria (4), A. Etxeberria (1), Cavo (4), Fernandes (2) y Hernandez (1) –hasierako zazpikoa-, Pizzo (4, 3p), Cardoso (5, 2p), Menendez (5), Teres (1), Cesareo (1), Moreno (1) eta Silva.

Epaileak: Jordi Ausas eta Miquel Florenza (katalanak). Kaleratu zituzten Castañera, Sobrepera eta Guarieiro; eta Fernandes, Cavo eta Menendez.

Partzialak: 2-3, 3-6, 5-10, 7-11, 8-12, 11-16 (atsedenaldia), 12-19, 12-21, 13-25, 18-26, 21-28 eta 22-32 (amaiera).