Joseba Salbador Goikoetxea

Kintoan Barna, bailara mugakideak berpizteko proiektu europarra

Kintoan Barna mugaz gaindiko lankidetza-programa europarra da, non Baigorri eta Iruñea lotzen dituen 80 kilometroko ardatzean kokatuta dauden 13 herrik eta bertako hainbat eragilek parte hartzen duten, erdigunean dagoen Kintoa lurraldea zeharkatuz. Helburua bailara mugakideen ekonomia berpiztea da.

Proiektua Aldudeko herriko etxean aurkeztu zen, 2019ko kulturaldiaren baitan.
Proiektua Aldudeko herriko etxean aurkeztu zen, 2019ko kulturaldiaren baitan.

Asko dira proiektua existitzen dela entzun dutenak, baina zehazki zertan oinarritzen den jakin gabe. Proiektu handi honetaz gehiago jakiteko, Nafarroaren Eguneko azken edizioan, 2019an, mintzaldia antolatu zuen Irulegiko Irratiak Aldudeko Herriko Etxean. Bertan, Kintoan Barnako protagonistek hartu zuten parte, proiektuaren alde desberdinak azaltzeko.

Egitasmoa Mugaz Gaindiko Lankidetzarako Europako Programaren (Poctefa) bigarren deialdian kokatzen da eta aurrekontuaren %65 Eskualde Garapeneko Europako Funtsek (Feder) finatzatuta dago. Tokiko gobernuek ere laguntza eskaini dute (Akitania Berriko zein Nafarroa Garaiko gobernuek).

Proiektuak amaituta egon beharko luke abendurako, baina pandemia egoerak zailtasunak eragin ditu eta Eugiko kontzejutik aditzera eman digutenez, sei hilabeteko luzapen bat eskatzeko asmoa dute. Batez ere, bi estatuen arteko pasabideak itxita daudelako eta horrek izugarri galarazten duelako eskualdeen arteko elkarlana.

Krisi sanitarioa lehertu baino lehen, hori bai, hainbat ekitaldi egin ziren; horien artean, Esteribar eta Baigorriko eskolen arteko topaketa, bi aldeetako haurrek elkarren berri izateko eta amankomunean duten hizkuntza erabiltzeko, euskara.

Bost ardatz

Helburu nagusia bailara mugakideen despopulatze joera geldiaraztea da. Horretarako, eskualdeko ekonomia dinamizatu eta berpizteko hainbat proiektu aurreikusi dira, bost ardatzetan oinarrituta: euskara, historia, meategiak, kirola eta turismoa.

Horrela, tokiko baliabide naturalak eta kultura ondarea bultzatzeko, haien interpretaziorako zenbait gune sortu dira. Era berean, turismo eskaintza erakargarria eta kalitatezkoa garatzeko xedez, Donibane Garazi eta Iruñea arteko lurraldea mugaz gaineko turismo helmuga bihurtu da. Eskaintza horren ardatzak baliabide naturalen balioa, ondarea, historia komuna eta gastronomia dira.