Alderdi Laboristak, oposizioko buruak, eta Eskoziako independentistek, Eskozian gobernatzen dutenek, Boris Johnson lehen ministro britainiarrak ustezko ustelkeria kasu batzuekin duen lotura ikertzeko eskatu dute. Balizko jokaera ezegoki hauen berri eman duena Johnsonen aholkulari nagusia izandako Dominic Cummings da. Ostiralean nagusi ohiaren aurka mintzatu zen eta «gaitasun eta zintzotasun falta» egotzi zion. Giroa bero dago eta egun gutxi baino ez dira gelditzen maiatzaren 6an Britainia Handian hauteskunde partzial batzuk egiteko.
Besteak beste Londreseko bere pisu ofizialaren obrak alderdiko lagunen deklaratu gabeko diruarekin ordaindu izana leporatzen diote `tory´-en buruari. Enpresari eta politikari kideei kontratu publikoak eta laguntasun tratua ematea ere bai. Berak ukatu egiten du halakorik egin izana.
Oposizioak ikerketa publikoa eskatu du
Keir Starmer laboristen buruak Johnsonen ustezko zuzendaritza «lagunkoia» argitara atera dadila eskatu du. «Zinez, ustel usaina dario», baieztatu du. Alderdi honek Gobernu kontserbadoreko ordezkariren baten presazko agerraldia eskatuko du Legebiltzarrean, lehen ministroak bere etxe ofizialaren konponketak nola ordaindu zituen eta pandemian diru publikoa nola erabili zuen argitu dezan.
Eskoziako Gobernuko ministro nagusi eta SNP Eskoziako Alderdi Nazionalaren buruak, Nicola Sturgeonek, Johnsonen gobernuaren «salerosketak» aztertzea exijitu zuen eta ustelkeriaren «kiratsa jasanezina» bilakatzen ari dela adierazi zuen.
`Tory´ batzuek ere agintari kontserbadorearen erabakiak ikertzea babestu zuten, tartean Dominic Grieve fiskal orokor ohiak. Honek azaldu zuen sortu den nahasmenak Johnsonek pasatzen den leku guztietan «sortzen duen kaosa» islatzen duela, «bere zintzotasun faltagatik».
Gaur egun Exekutiboan izandako balizko irregulartasun batzuk ikertzen ari dira Parlamentuaren ekimenez eta Hauteskunde Batzordea Johnson bere familiarekin bizi den etxearen obrarako erabilitako dirua alderdien finantziazioaren legearen arabera deklaratu behar izan zen aztertzen ari da.
Cummingsen adierazpenak, lehergaien gisakoak
Dominic Cummings Boris Johnsonen aholkulari nagusia bere postutik kendu zuten joan den azaroan, barne gatazka batzuen ondorioz. Lehen ministroaren inguruak gobernuaren informazioa prentsari filtratu izana leporatu zion, baina Commingsen arabera, akusazio hori ez zen bidezkoa izan. Joan den ostiralean, nagusi ohiaren aurkako hitzak idatzi zituen bere blogean, lehergaien gisakoak.
Johnsonek plan bat zuela azaldu zuen, «batere etikoa, ergela eta, seguruenik, legez kanpokoa», Alderdi Kontserbadorearen lagunek Downing Streeteko 10. zenbakiko bere pisuaren eraberritzea «modu sekretuan ordaintzeko». Prentsaren arabera, etxe horrek 200.000 libra inguru balio ditu (230.000 euro).
Gobernuak baieztatu duenez, lehen ministroak bere poltsikotik ordaindu zuen berrikuntza, baina laboristek dirua aurreratu zuen kiderik egon zen ikertzeko eskatu dute, besteak beste «mesedeekin» ordaindu ote zieten egiaztatzeko.