NAIZ

Gasteizko ikasleek «jasan behar izan duten jazarpen poliziala» salatu du Ikamak

«Gasteizko ikasleok jasan behar izan dugun jazarpen poliziala» salatu du Ikamak eguerdian eskainitako prentsaurreko batean. Adibide bezala aipatu du apirilaren 21ean egindako manifestazioa; bertan bi ikasle identifikatu zituen Ertzaintzak.

Ikamak gaur Gasteizen eskaini duen prentsaurrekoa. (IKAMA)
Ikamak gaur Gasteizen eskaini duen prentsaurrekoa. (IKAMA)

Ikama ikasle antolakundeak «Gasteizko ikasleek jasan behar izan duten jazarpen poliziala» salatu du eguerdian Foru Plazan eskainitako agerraldian. «Ikamatik behin baino gehiagotan salatu dugu kurtso honetan pandemiaren aitzakiapean presentzia poliziala areagotu izana, ikasleon bizitzen gaineko kontrolean sakonduz. Euskal Herriko hainbat ikastetxetako patio inguruetan egon izan dira uneoro, Mendebaldea ikastetxean adibidez, non isunak ere jarri dituzten. Baina azken bi asteetan Gasteiz osoan bizi izan duguna jasanezina izan da: ekimen ezberdinak egiteagatik salaketak, ikasleoi polizia sekretaren kotxeek jarraitzea...», azaldu dute.

Adierazi dutenez, apirilaren 21ean izandako manifestazioan «Poliziaren errepresioa jasan behar izan genuen. «Mobilizazioa covid neurriak kontuan hartuta antolatu genuen: bi zutabeetan eta gure arteko segurtasun distantzia bermatuz. Hala ere, Poliziak hasieratik oztopatu zuen manifa, megafonotik distantziak mantentzeko aginduz, eta horretaz gain, gure pankartak eta oihuak egokiak ez zirela esanez. Guztia gaztelania hutsean eta manifestazioa disolbatzeko mehatxupean».

«Espainiar Gobernuaren Ordezkariordetzara iristean haien gehiegikeria eta probokazioa areagotu egin zen. Bi ikasle ‘Euskal Herrian gure hezkuntza!’ aldarrikatzen zuen pankarta bat heltzen ari ziren delegaritza parean, haien ondoan ke pote bat zutela. Ertzaintzak hori ikustean, manifestazioa gelditu eta zuzenean bi ikasleengana jo zuen eta furgoietan zeuden polizia guztiak jaitsi ziren modu oldarkorrean, porrak eta peloteroa eskuan zituztela. Bi ikasleak identifikatzen eta haien gauza guztiak miatzen zituzten bitartean manifestazioarekin jarraitzeko agindu ziguten. Identifikatutakoei babesa helarazteko mugitzen ez ginenez, mehatxuka hasi ziren berriro manifa disolbatzearekin. Manifestazioak aurrera jarraitu behar izan zuen, eta gure bi kideak askatu arte dezente itxaron behar izan genuen», gaineratu dute.

Ikasleek argi dute «gertakari guzti hauek EAJ eta bere txakurren estrategiaren baitan kokatzen direla». Ikasleoi beldurra sartzeko helburuarekin eta ikasle mugimendua desartikulatzeko asmoz jarri dituzte beste behin ere haien indar errepresiboak martxan. Badakite ikasleria antolatu eta indartsua haien inposaketei aurre egiteko gai dela, eta hori ekidin nahi dute ikasleria subjektu gisa hasieratik deuseztatuz. Baina gurekin jai dute, ikasleriak martxan jarraituko du eta Euskal Eskola Herritar eta Burujabea lortzera bidean antolatzen jarraituko gara», azpimarratu dute.