NAIZ

Bidarteko feminizidio saiakeraren ondotik neurriak eskatu ditu Bihartean udal taldeak

«Bihartean-Demain, Bidart» udal taldeak agiria zabaldu du Lapurdiko kostako herrian feminizidio saiakera pairatu zuen emazteari eta bere familiari sostengua adierazteko. Herriko auzapezari, berriz, bortizkeria sexistari aurre egiteko prebentzio politikak martxan jartzeko eskatu dio.

Erasoa joan zen larunbat iluntzean gertatu zen Bidarteko apartamentu batean. (Bob EDME)
Erasoa joan zen larunbat iluntzean gertatu zen Bidarteko apartamentu batean. (Bob EDME)

Ehizako eskopeta batekin bere emazteari tiro egin zion gizon bat atxilotu zuten, joan zen larunbatean, Bidarten. Emaztea ospitaleratua da, baina bere bizia arriskuz kanpo dago.

Polizia-etxean atxiki ondoren 68 urteko gizona auzitegira eraman zuten atzo arratsaldean. Hilketa saiakera egotzita auzipetzea erabaki zuen bertan Baionako fiskaltzak.

«Bihartean-Demain, Bidart» udal taldeko kontseilariek agiria zabaldu dute, gaur goizean, herrian gertaturiko azkeneko feminizidio saiakera horren biktima den emazteari eta bere familiari sostengua adierazteko. Era berean, herriko auzapezari bortizkeria sexistari aurre egiteko prebentzio politikak martxan ematea eskatu diote.

Isabelle Charriton eta Denis Luthereau herri konseilariek lehenik eta behin zauritu zen emazteari eta bere familiari beraien sostengua adierazi diete. Ondotik, azkeneko bost urteetan herrian horrelako eraso bat gertatzen den hirugarren aldia dela oroitarazi dute. Hala, Ipar Euskal Herri mailan marka zinez tristea duela Bidartek mahaigaineratu dute zinegotzi horiek.

«Frantziar Estatuak arazo honen aurrean era eraginkorrean jarduteko agertzen duen engaiamendu eza ikusita denon ardura da emazteei sostengua eman eta pairatzen duten bortizkeriaren aurrean prebentzio neurriak hartzea», adierazi dute.

«Bi hilketa gertatu ondotik hirugarren hilketa saiakera honek alarma bat pizten du eta ez badugu aintzat hartzen errudun bilakatuko gara» gehitu dute idatzi horretan «Bihartean-Demain, Bidart» udal taldeko eledunek.

Herri hauteskundeetarako programan hartu zuten engaiamenduari so eginez eskaera bikoitza luzatu diote horren ondotik bi hautetsiek asteburuan gertatu zen hilketa saiakeraren aurrean deus erran ez duen Emmanuel Alzuri auzapezari.

Bortizkeria sexista prebenitzearren herritar guztiei eta bereziki bidartar gazteei zuzenduriko sentsibilizazio ekimenak plantan ematea galdegin diote alkateari.

Era berean udaltzainak, udal langileak, hautetsiak edota herriko hezitzaileen aldeko formazio saioak antolatzea galdetu dute.

Pandemiak krisi soziala areagotu duela jabeturik, buxetaren bidez behar bezalako baliabideak ezartzea «zailtasun sozialak eta psikologikoak» pairatzen dituzten herritarrak babesteko eskatu dute, finean, aipaturiko hautesiek.

«Auzapezak hala nahi izanez gero prest gira gure proposamenak berarekin partekatzeko», amaitu dute beraien oharra oposizio taldeko ordezkariek.