Euskal Herriko Laborarien Batasuna (ELB) sindikatuak eta Lurzaindia elkarteak prentsaurrekoa eskaini dutea asteartean Bastidan laborantza lurrak espekulaziorako erabiltzen direla salatzeko. Nafarroa Behereko herrian den Mouraca etxaldearen aitzinean bildu dira etxalde horren eta bere lurren salmenta adibide hartuta, honako galdera luzatzeko: «Nola atzemanen dute etxebizitzarik Euskal Herriko gazteek?».
Duela bi urte, jada prezio altua zuten Bastidako La Chapelle auzoan aurkitzen den Mouraca etxaldeak eta bere 38 hektareek. Hots, 300.000 euroko prezioa zuen 2019an. Bi urte geroago, Safer erakunde publikoaren esku hartu arren, 535.000 eurotan saltzen dutela ikus daiteke Le Bon Coin webgunean, hau da, prezioa %78 igo da.
ELB eta Lurzaindiako kideek prezioak ezartzeko eman ziren urratsak nola gauzatu ziren azaldu dute. Safer erakundearekin adostu zuten prezioa 115.000 euro izan zen, baina horrez gain, etxea eta lur sailaren bost hektarea laborantza proiektu baten izenean 420.000 eurotan tasatu zituzten.
Safer erakunde publikoa da eta bere egitea laborariei lurrak erosten laguntzea da, beti ere, sindikatuekin harremanetan izanda. Ordea, kasu honetan, operazio guztiak beraiekin harremanetan jarri gabe eman zirela jakinarazi dute ELBk eta Lurzaindiak, eta ondorioz, halako prezioak ez direla laborantzan aritzeko ezartzen nabarmendu dute.
Mouraca etxaldearen salmenta dosierraren ingurukoak azaldu dituen Lurzaindia elkarteko Beñat Duhaldek argitu duenez, «etxaldearen bost hektareako zatia da arazoa, bost hektareako laborantza proiektu bat posible da, baina ez 420.000 eurotan».
Finean, saltzaile batzuek laborantza proiektuak amarru gisa erabiltzen dituztela ohartarazten dute laborariek. Haien iritziz, Mouraca etxaldeak ez du balio handirik izateko itxurarik, hondamen zantzuak ditu barnealdean zein kanpoaldean, baina jabeak ez dio lurra saltzen Saferi etxea saldu arte, beraz, laborarien aburuz, salzaileak «txantaia gisako bat» egiten dio Safer erakundeari.
Laborantza lurrak laborarientzako
Mizel Etxeberri ELBko kideak honako hausnarketa egin du: «Laborarien seme-alabak gero eta gutiago instalatzen dira, eta gainerakoak zerotik abiatzen. Laborantza jarduera kondenatzen ari gara. Nola atzemanen dute etxebizitzarik Euskal Herriko gazteek? Erosleak eta saltzaileak gazteak kanporatzeko bidean ari dira».
Egoera honen aurrean ordezkari publikoek duten erantzukizuna hizpide izan dute Bastidan esakinitako agerraldian eta deialdi zuzena egin diete hautetsiei «espekulazioaren aitzinean posizioa» har dezaten eta «hitzetatik ekintzetara» pasa daitezen.
ELBK eta Lurzaindiak ohartarazpen bat ere egin zieten higiezin agentziei, notarioei eta erosle espekulatzaileei: «Euskal Herria ez da aberatsentzat jolasteko lurra».