NAIZ

AstraZenecaren bigarren dosiari buruzko erabakia 4-6 aste atzeratu dute

Estatu espainiarreko Osasun Publikoaren Batzordeak lau-sei aste atzeratu du AstraZenecaren txertoaren bigarren dosiari buruzko erabakia. Lehen dosia jaso zuten 60 urtetik beherakoei eragiten die.

AstraZenecaren txertoa buruhauste ugari ematen ari da. (Christof STACHE | AFP)
AstraZenecaren txertoa buruhauste ugari ematen ari da. (Christof STACHE | AFP)

AstraZenecaren txertoaren lehen dosia jaso zuten 60 urtetik beherako herritarrek beste lau-sei aste itxaron beharko dituzte bigarren dosiarekin zer gertatzen den jakiteko. Hala erabaki du behintzat Estatu espainiarreko Osasun Publikoaren Batzordeak. Osasun Ministerioa eta autonomia erkidegoak biltzen ditu organo horrek.

Horrekin batera, AstraZenecaren lehen eta bigarren dosiaren arteko tartea hamabi astetik hamaseira zabaltzea adostu dute, lehen dosia jaso duten 60 urtetik beherakoen kasuan. «Denbora-tartea zabaltzeak txertaketaren segurtasuna bermatuko duen erabakia hartzeko informazio gehiago izatea ahalbidetuko du», azaldu du Osasun Ministerioak ohar batean. Beste herrialde batzuetan, Irlandan kasu, horrela egin dutela argudiatu du eta «ardura printzipioa» aipatu du.

Carolina Darias buru duen Ministerioak zehaztu duenez, Carlos III Institutuaren koordinaziopean egiten ari den ikerketa baten emaitzaren zain daude eta horregatik atzeratuko da Vaxzevria-ren (izen komertziala) bigarren dosiari buruzko erabakia. Erakunde hori aztertzen ari da AstraZenecaren bigarren dosiaren ordez Pfizer txertoarena jartzeak zer eragin izango lukeen txertoaren eraginkortasun eta segurtasunean.

Bere garaian AstraZenecaren lehen dosia jaso zuten 400 lagunekin egiten ari dira ikerketa, eta atzo bukatu zuten talde tade hori Cominarty-rekin (Pfizer-en izen komertziala) txertatzen. Emaitzak ez dira bost aste baino lehenago espero. 

Hego Euskal Herrian AstraZenecaren 233.500 txerto inguru jarri dira: 183.500 EAEn eta beste 50.000 Nafarroan.

Joan zen ostiralean, Sendagaien Europako Agentziak (EMA) AstraZenecaren bigarren dosia jartzeko gomendatu zuen, 4-12 asteko epean. 

Hainbat herrialdek, Estatu frantsesak, Finlandiak, Alemaniak eta Suediak, esaterako, AstraZeneca eta Pfizer-en txertoak konbinatzea erabaki dute.