NAIZ

Maiatzaren 5erako aurreikusita zegoen huste agindua geldiarazi du Errondoko Auzo Etxeak

Eroskik negoziazio mahai bat onartu duela eta maiatzaren 5erako aurreikusita zegoen huste agindua atzera bota duela jakinarazi du Errondoko Auzo Etxeak. Hala ere, desalojo arriskua ez dela desagertu azpimarratu du.

Errondoko Auzo Etxearen aldeko manifestazioa. (Hodei TORRES)
Errondoko Auzo Etxearen aldeko manifestazioa. (Hodei TORRES)

Errondoko Auzo Etxeak, San Inazio auzoko gune autogestionatuak, maiatzaren 5erako aurreikusita zegoen huste agindua geldiarazi duela jakinarazi zuen igandean egindako mobilizazioan. Ehunka pertsonak auzoko kaleak hartu zituzten desalojo mehatxua salatzeko.

Duela 4 urte ekin zioten proiektuari hainbat bizilagunek 17 urtez erabilerarik gabe zeraman Eroskiren lokal bat okupatu zutenean. Eroskik okupazioa salatu zuen prozesu judizial luze bat abiaraziz. Duela aste batzuk desalojoa maiatzaren 5ean gauzatuko zela jakinarazi zuten, baina atzo azaldu zutenez Eroskik negoziazio mahai bat onartu du, huste agindua atzera botatzearekin batera.

Hala ere, desalojoaren mehatxua ez dela desagertu nabarmendu zuen Errondokok: «Oso argi izan behar dugu beharrezko tresna guztiak dituztela edozein momentutan Errondoko indarrez hustutzeko».

Horregatik, «ezinbestekotzat» jo dute Errondokoren defentsan lanean jarraitzea, «auzoarentzako proiektu komunitarioa garatzen jarraitzea, autoantolaketa politikoa eta kulturala sustatzen jarraitzea eta auzoa saretzen jarraitzea, lau urte hauetan egin bezala».

«Ez Eroskik, ez inork ezingo du ezabatu Errondokoren lana eta auzoan duen esanahia, Kultur Etxearekin lortu ez zuten bezala. Izan ere, ezin dugu Errondoko ulertu auzoko urteetako ibilbide politikoa aintzat hartu gabe, eta ziurrenik orain duguna ez litzateke posible izango belaunaldiz belaunaldi jaso dugun kultura politiko eta militantearen transmisiorik gabe. Guk, lanean jarraituko dugu haria eten ez dadin eta Errondoko betiko auzoarentzat izan dadin!», azpimarratu zuten gune autogestionatuko kideek.

Era berean, kaleratze mehatxu hori «kasu isolatu gisara» ulertu ezin dela adierazi zuten, «errealitate orokortu eta gordinaren isla bezala baizik». Azken hilabeteetan, hustuak izan diren espazioak gogoratu zituzten: Zizurkilgo Kaxilda Gaztetxea, Arabar Errioxako Subserra gaztetxea, Laudioko Gaztetxea, Hondarribiko Gaztetxea…

Baita desalojo arriskuan daudenak: Algortako Txorimalo Gaztetxea, Igorreko Kiñu Gaztetxea, Zornotzako Munarri Gaztetxea, Tolosako Ezpala Gaztetxea, Errotxapeako Gaztetxea, Altsasuko Gaztetxea, Putzuzulo Gaztetxea… eta Erandioko Astika auzo osoa.