NAIZ

URSSAren lurren birkalifikazioak «sekulako negozioa» ezkutatzen duela salatu du EH Bilduk

Gasteizko Udal Gobernuak Jauregilanda inguruan martxan jarri nahi duen hirigintza-jarduketa kritikatu du EH Bilduk. Bere ustez, Urtaranen Gobernuak hiri-antolamenduko plan orokorrean egingo diren aldaketak baliatu nahi ditu URSSA enpresaren lurrak berriz kalifikatzeko.

URSSA enpresaren eraikina. (Ihana IRIONDO/FOKU)
URSSA enpresaren eraikina. (Ihana IRIONDO/FOKU)

EH Bilduk kritikatu du Gasteizko Udal Gobernuak Jauregilanda inguruan martxan jarri nahi duen hirigintza-jarduketa. Felix Gonzalez talde subiranistaren bozeramaileak salatu duenez, Urtaranen Gobernuak hiri-antolamenduko plan orokorrean egingo diren aldaketak URSSA enpresaren lurrak berriz kalifikatzeko erabili nahi ditu.

«Enpresa honi 40 urtez baimena eman zaio behartuta zegoen lekualdaketa bat ez egiteko. Geroago, bi orubeen inguruko jabetza osoa aitortu zaio. Eta orain, bankuek sekulako negozioa egin ahal izango dute orube horretan. Hau da, EAJ banketxeetara bidaltzen ari den mezua argia da: urrezko meategi baten gainean zaudete», adierazi du Gonzalezek.

Honek gogoratu duenez, 1976an, Udal Batzorde Iraunkorrak bete ez den akordio bat lortu zuen Gasteizko Udal Aurrezki Kutxarekin eta URSSA enpresarekin. Izan ere, akordio horren arabera enpresa, gehienez ere hamar urteko epean, Adurtzatik Jundizko lursail batera lekualdatu behar zen.

«Ordutik, akordioa betearazi duen Udal Gobernurik ez da izan», salatu du EH Bilduk, eta 2018an Urtaranen gobernuak URSSAri Jundizko lursaila behin betiko esleitzea erabaki zuela adierazi du, «baina esleipen hori Adurtzan okupatzen dituen lursailen abandonuarekin baldintzatu gabe».

Tokiko Gobernu Batzarraren ebazpenean, Gobernuak betetzat jo zuen jatorrizko erabakia, 1.500.000€ jasoz, baina lekualdatzeari uko eginez. Orduan, EH Bilduk salatu zuen ezin zitzaiola uko egin 40 urte lehenago inguruarentzat desegokitzat jotzen zen jarduera hori lekualdatzeari, eta, horregatik, berraztertzeko errekurtsoa jarri zuen, gerora errefusatua izan zena.

EH Bilduren ustez, «eskandalagarria da HAPOren oinarrien eztabaidaren atarian horrelako elementu bat sartzea». «Hemen helburu bakarra orubearen azken jabeek, bankuek, dirutza irabaztea da. Beste era batera esanda, lasai egoteko mezua helarazi zaie bankuei, eta orain etxebizitzak eraiki eta saldu ahal izango dituzte ia baliorik ez duen eta plangintzarekin bat ez datorren orube batean. Lotsagarria da», esan du Gonzalezek.