Danel Elezkano eta beste planeta batetik etorri dela ematen duen Jose Javier Zabaletak jantzi dute 2021eko Binakako Txapelketa, kolorerik apenas izan duen final batean Peña-Albisuri 22-7 irabazita. Urtean binaka jokatzen den txapelketa izanagatik, bere aukera beste behin Bikain aprobetsatu duen Danel Elezkanori ezer kendu gabe –inoiz ez da erraza izaten derrigor irabazi behar duzuean asmatzea–, aurtengo edizio honek izen handi eta bakarra dauka, gaurkoan ere beste erakustaldi bat eman duen Jose Javier Zabaletarena.
Gutxitan eramaten dutuzte atzelariek titularrak eta hainbeste laudorio, baina gaur eta txapelketa osoan etxarrendarrak egindako aspaldi ikusi gabea zen kantxa batean. Ia bakarrik, pilotari izugarriak emanda hautsi du finala, eta hori parean zuen atzelaria txapelketa guztian zehar itzal apur bat egin dion Albisu izan den. Gaur, ordea, ataundarrari eskua izorratu zaio finalean zehar eta, bestela ere lan zaila bazuen, egoera horretan eta hamarretik, ezinezkoa egin zaio. Pablo Berasaluzerekin jokatutako finala ezin izan zuen amaitu bere garaian eta gaur ere ezin partidaz gozatu, horrenbeste merezi duen pilotari bikainak.
Asko hitz egin dugu azken egunetan partida ondo hastearen garrantziaz eta alde horretatik Peña-Albisuren hasıera askoz eraginkorragoa izan da. Ideiak oso argi eta beti bezela ausart ekin dio bere lehen finaları Jon Ander Peñak eta lehen tanto horietan Danel Elezkano baino askoz sartuagoa zirudien partidan.
Atzean ere ez da halako alderik egon bi atzelarien artean eta bikote gipuzkoarrak alde txiki batzuk hartu ahal izan ditu, gehienbat Zaratamokoa apur bat partidatik kanpo bezala zegoen eta (3-6).
Baina hortxe amaitu dira urdinen esperantzak, batez ere Jose Javier Zabaleta bereak eta bi egiten hasi denean. Elezkanok txokoan egindako tanto batekin hasi da finala hautsi duen Aspekoen 11-0eko partziala, baina horko protagonista nagusia Etxarrengo atzelaria izan da. Epelak eman dizkio pilotari, erabat nagusitu da kantxan eta pixkanaka-pixkanaka Albisuren erresistentziarekin amaitu du. Saiatu da ataundarra, pilota moztuz eta luze jokatuz nafarra desoroso sentiaratzten, pilota moztuz lortu duen 3-6koa ziurrenik txapelketako tantorik onena izan da, baina azkenerako ezinezkoa egin zaio Zabaletari aurre egitea.
Pilota beldurtzeko moduko abiaduran irten zaio eskutik, Albisuri apenas eman dio jartzeko denborarik eta partida erabat hautsi da. Ezin esan ataundarrak partida txarra egin duenik, ez behintzat Zabaletak hausti duen arte, baina bestela ere zaila zuena ezinezko egin zaio.
Peñaren inguruan ere ezin esan partida txarra jokatu duenik, jarreraz egoki, ausart eta eraginkor aritu da, baina bederatzigarren tanto horretatik aurrera ezin izan du ezer egin. Elezkanok, bere aldetik, haizea alde zuela jokatu du hasiera zail horren ostean eta bere bigarren txapela jantzi ahal izan du, ematan dizkioten aukerak bikain aprobetxatzen dituela berretsiz.
Jaka ondoezik
Finalak susto handi xamar bat ere utzi digu, Baikorekin jokatu duen bere lehen partidaren ostean, Erik Jaka erietxera eraman behar izan dutelako ondoezik zegoela eta. Arnasa hartzeko arazoekin amaitu du lizartzarrak eta anbulantzian Bilboko erietxe batera eraman dute. Lehen proben ostean, ezer larririk duenik baztertu dute, nahiz eta gaua ziurrenik Bilbon eman beharko duen.
FITXA TEKNIKOA:
Elezkano II-Zabaleta: 22
Peña II-Albisu: 7
Iraupena: 47,54 minutu. Markagailua: 1-2, 2-2, 2-4, 3-4, 3-6, 14-6, 14-7 eta 22-7. Sakeak: 1 Elezkano II.ak eta 0 Peña II.ak. Tantoak: 4 Elezkano II.ak, 5 Zabaletak, 3 Peña II.ak eta 1 Albisuk. Hutsak: 0 Elezkano II.ak, 3 Zabaletak, 6 Peña II.ak eta 5 Albisuk. Gorabeherak: Bilboko Bizkaia pilotalekuan jenderik gabe jokatutako laugarren finala izan da Binakakoa. Hala ere, errebotean «Atzo ezinezkoa zirudiena gaur posible, Egurra Jon Anders» ziren pankarta bat egon da eskegita.