Pasa den ostiralean Ertzaintzak zortzi gazte atxilotu eta 65 zauritu zituen Bilbon eta Gasteizen Ernaik deituta «Gazteok larrialdi egoeran gaude» lelopean egin ziren mobilizazioetan.
Ostiral honetan Ernaiko kideak Gasteizko Legebiltzarrean izan dira, eta bertan zaurituen mediku-txostenak eta zaurien argazkiak erregistratu dituzte, Ertzaintzaren jokaera agerian uzteko.
«Ertzaintzaren jokabide horiek ezin dute inolako ondorio eta ardura politikorik gabe gelditu», adierazi dute gazteek parteak erroldatu ostean eskainitako agerraldian.
Bertan erantzun diote Josu Erkoreka Segurtasun sailburuari. Izan ere, gazteek gogoratu dutenez, «badirudi Erkorekak ez duela oso argi oraindik zer esan nahi duen edo zer saldu nahi dion euskal gizarteari».
«Aurreko astean ez zen inolako bortizkeria kasurik Ertzaintzaren barruan, eta gaur bertan onartu agin du kasu isolatu batzuk egon badirela. Guk dioguna da arazoa ez dela isolatua, eta hortaz, eredu polizialaren errebisioa egin eta gazteak kriminalizatuak izan direla onartzea ezinbestekoa da», esan dute.
Haien ustez, «Desokupako ultraeskuindarren laguntxoak diren eta gazteak jipoitzen dituen Ertzaintzaren eredu poliziala goitik behera aldatu behar da, urgentziaz. Eta aurreko astean atxilotutako gazteen kargugabetzea ere ezinbestekoa ikusten dugu, noski».
«Herritarrentzat egin ezazue lan»
Dena den, Ernairentzat «garrantzitsuena gazteon larrialdi egoeraren aurrean neurriak hartzea da». «Gazteok larrialdi egoeran gaudelako eta Ertzaintzaren biolentziak egoera areagotu eta okertu besterik egiten ez duelako», gaineratu du.
Azpimarratu dutenez, «Gazteriaren Legea edo bestelako politika antzuetaz nazkatuta gaude. Gazteon larrialdi egoerarekin amaitzeko neurri errealak hartu behar dira».
«Alde batetik, gazteon esplotazioaren aurkako politikak praktikan jarri eta gazteon enplegu duinak sortu behar dira. Bestetik, etxebizitzaren problematikari frenoa jarri eta emantzipatzeko aukera ematen diguten neurriak hartu behar dira: zehazki, alokairuak mugatzeko neurriak har daitezen proposatzen dugu», azaldu dute.
Eta baliabide publikoak eskatu dituzte «depresio tendentzia kolektiboari» aurre egiteko: «Sikologikoki hondoratzen ari den belaunaldi oso bat da herri honen etorkizuna eta oraina».
Hala, mezu bat helarazi diete erakundeei: «Utzi gazteak jipoitzeari, eta har itzazue behingoz geure bizi-baldintzak hobetzeko neurriak. Poltsikoei begirako politikak egin beharrean, herritarrentzako egin ezazue lan».