NAIZ

Indian 18 elefante aurkitu dituzte hilik, ustez tximista batek jota

Indiako ipar-ekialdeko erreserba natural batean gutxienez elefanteen 18 gorpu aurkitu dituzte. Haien heriotzaren arrazoiak ikertzen ari dira, baina hipotesi nagusiaren arabera, iragan asteazkenean baso horretan jausitako tximistetako baten ondorioz zendu dira.

Elefante basati baten gorpu hila, soinean loreak dituela. (Biju BORO/AFP)
Elefante basati baten gorpu hila, soinean loreak dituela. (Biju BORO/AFP)

Indiako ipar-ekialdean, Assam lurraldeko oihanean, gutxienez elefanteen 18 gorpu aurkitu dituzte, herrialdeko agintariek ostiral honetan jakitera eman dutenez. Haien heriotzaren arrazoiak ikertzen ari dira oraindik, baina hipotesi nagusiaren arabera, tximista baten ondorioz hil dira.

Parimal Suklabaidya Assamgo Basoen ministroak ostiralean jakinarazi duenez, uste dute Nagaon eskualdeko Kandali Proposed Reserve Forest erreserba naturalean iragan asteazkenean jausitako tximistek jota hil zirela animaliak.

«Oso mingarria da elefanteak horrela hiltzen ikustea. Baina heriotzen egiazko arrazoia jakiteko postmortem txostenari itxaron behar diogu», adierazi du prentsaren aurrean, elefanteak hilik dirauten tokian, Guwahati lurraldeko hiriburutik 150 kilometro ingurura.

Himanta Biswa Sarma Assamgo lehen ministroak, era berean, «horrenbeste elefanteren heriotzak» sortzen dion samina adierazi du komunikatu baten bitartez.

AFP berri agentziak jakinarazi duenez, baso horretako langileak eta tokiko diputatu batek ere, Jitu Goswamik, teoria nagusia babestu dute: pakidermoak tximista batzuen ondorioz hil zirela.

Indian, gutxi-asko, 30.000 elefante basati bizi dira, Asia osoan bizi direnen %60a.