Zapatistak «Bizitzaren aldeko bidaian» datoz kontinente zaharrera. Ekainaren erdialdean Galiziara, Vigoko portura, iristea espero dute. Haien helburua Europa zeharkatzea da, eta ondotik bertze kontinente guztiak. «Ez dugu ezberdintasuna bilatuko, are gutxiago barkamena eta pena. Berdinak egiten gaituena bilatuko dugu», adierazi dute.
20 urte bete dira zapatistek eta CNI kontzeju nazional indigenak Lurraren Kolorearen Martxa egin zutenetik, Mexikok ukatutako beren eskubideak eta lekua exijitzeko. Era berean, 500 urte joan dira tropa espainiarrek konkistatu zituztenetik.
Urteurren horien testuinguruan, kapitalismoaren aurrean bizitzaren aldeko aldarrikapena egitera datoz Europara. 500 urteren ondotik, bizi-bizirik daudela erakustera eta mota aunitzetako borroketan ari direnekin topatzera.
Asteburu honetan, Europako hiri eta herri ugaritan eginen dituzte manifestazioak ekimen hau babesteko, tartean Euskal Herrian.
600 atxikimendu
Zapatisten adierazpena kontinente osoko 600 antolakunde eta norbanako baino gehiagok sinatu dute dagoeneko, alderdi politiko, sindikatu, mugimendu sozial, parlamentari eta akademikoek, besteak beste.
Joan den maiatzaren 1ean eta 2an, justu "La Montaña" belaontzia itsasoratu zenean ekintzak egin zituzten gurean, Bilbon eta Donibane Garazin, Europako bertze toki ugaritan bezala: Alemanian, Belgikan, Txipren, Danimarkan, Finlandian, Italian, Norvegian, Katalunian, Portugalen, Herbehereetan... Helbide honetan jarrai daiteke "421" eskifaiaren abentura.