Gaizka Izagirre
Zinema eta telesail kritikaria

Munduari bira zortzi telesailetan

Mundu osoko zortzi kokaleku aukeratu ditut, eta oso ezagunak ez diren izenburuak hautatzea izan da nire irizpide nagusia. Helburua, pantaila txikiaren bitartez bidaiatzeaz gain, herrialde jakin hauek azaldu nahi dizkiguten istorioak eta errealitatea aztertzea.

«Horící Ker» telesaileko fotograma bat.
«Horící Ker» telesaileko fotograma bat.

Norvegia: Kampen om tungtvannet

AMAZON ETA FILMIN

Zuzendaria Per-Olav Sorensen da eta gidoilarien artean izen ezagun bat: Adam Price, “Borgen” telesail zoragarriaren sortzaileetako bat, besteak beste. Istorioa kokatzeko, II. Mundu Gerrari buruzko atal konkretu batera egin behar dugu salto: Ur Astunaren Bataila deiturikoa. II. Mundu Gerran, Norvegian gertaturiko gertaera historiko erabakigarriena. Rjukan kokaturiko Norsk Hydro enpresari eginiko sabotaje ekintzak, bertako ur astuna fabrikatzearen planak eragozteko. Eta zergatik zen hain garrantzitsua ur hau? Naziek arma nuklearrak garatzeko behar zutelako. Telesailak lau ikuspuntu desberdinetatik erakusten digu gatazka. Lehenik eta behin, alemaniarren ikuspegia, energia atomikoari buruzko ikerkuntza zientifikoaren bidez, Werner Heisenberg (bai, “Breaking bad” telesaila pertsonaia erreal honetan inspiratu zen) buru dela. Bestetik, aliatuena, bai Londreseko kuartel nagusian eta bai eskoziarrean basean, sabotaje planak burutzen dituzten bitartean. Hirugarrena, erasoak burutzeko ardura duen norvegiar taldea. Eta azkenik, ur astuna fabrikatzen duten enpresa eta bertako zuzendariak.

Australia: Stateless

NETFLIX

Lau ezezagunen bizitzak Australiako basamortuan dagoen immigranteak atxilotzeko zentro batean gurutzatzen dira: sekta arriskutsu batetik ihes egin duen hegazkin konpainia bateko azafata bat; ihesean dabilen errefuxiatu afganistandar bat eta bere familia, etorkizunik gabeko lan batetik aldendu nahi duen aita gazte bat eta eskandalu nazional bat ezkutatzeko denbora amaitzen ari zaion burokrata bat. Zentro horien kontraesanetan zentratzen da telesaila eta hainbat ikuspegi erabiliz prozesu burokratikoen eta bidegabekerien erretratua ere egiten du. Mingarria eta gogorra iruditu zait une askotan. 

Cate Blanchet aktorearen ideia batetik abiatuta garatu da telesail honen gidoia; akats burokratiko baten ondorioz etorkinak atxilotzeko zentro batean sartu zen australiar baten benetako istorioan oinarrituta, ekaitz politiko handia eragin zuena.

Txekiar Errepublika: Horící Ker

HBO

Hiru atalez osaturiko telesail motza eta Jan Palach-en benetako istorioaren egokitzapena. 1969an Txekoslovakiako okupazio sobietarraren aurkako protesta gisa bere buruari su eman zion txekiar ikasle bat. Palach erresistentziaren erabateko ikono bilakatu da. 2013. urtean HBOk Palachen istorioa kontatzeko eskatu zion Agnieszka Holland zuzendariari, garai hartan plataformak Europan izango zuen ekoizpenik handiena izango zena sortzeko: “Horící Ker” (suzko sasia, euskaraz).

Telesailaren istorioaren ardatza Dagmar Buresova izan arren –Palachek bere buruaz beste egin ondoren haren familia defendatu zuen abokatua–, istorio honen protagonista nagusia ikaslea da. Hasierako tituluetan jada antzeman daiteke garai hartako berreraikuntza fisiko eta emozionala pantailan txertatzeko egindako lan zorrotza. Gatazkak gizarteko geruza guztietan izan zuen eragina eta horrela antolatu du Hollandek drama paregabe hau ere, pertsonaia desberdinak aukeratuz. Herrialde indartsuenetako baten begietatik azaldua ez dagoenez, historiaren parte diren baina kontatzen ez diren istorio horietako baten aurrean zaudela ohartuko zara. Noraino irits daitekeen gizakia herri baten askatasuna lortzeko, eta nola gobernu batek edozer egin dezakeen boterean irauteko.

Hego Korea: Sigeuneol

TVN

“Memories of murder” film bikainean oinarrituriko telesaila. Filma, 1986ko Hego Korean girotua da. Neska gazte bat bortxatu eta hil egin dute. Bi hilabetera, “modus operandi” bera erabiliz, biktima gehiago azaltzen dira. Serieko hiltzaile horren kasua ikertu bitartean, elkarren artean oso desberdinak diren bi poliziaren istorioa ikusi ahal izango dugu.

“Zodiac” eta “Seven” filmen ukituak dituen istorio indartsuak 2003ko Donostiako Zinemaldian zuzendari onenaren saria eman zion Bong Joon-hoo zinemagileari. Istorio gogorra, iluna, nahasia eta umore beltz ukitu zoragarriduna. Telesailak, aldiz, modu bitxi baina erakargarrian hartu nahi izan du istorio horren mamia, ukitu fantastikoa emanez eta umore dosi txikiak tartekatuz. Iraganeko detektibe bat eta orainaldiko bat, walkie-talkie baten bitartez kasua argitzen saiatuko dira. Ez da filma bezain iluna eta basatia, baina bai hura bezain interesgarria.

Txile: Prófugos

HBO

Bolivia eta Txile herrialdeen arteko mugan hasten den droga-trafiko operazio baten istorioa azaltzen duen telesaila. Ordubeteko 13 atalez osatua, anbizio, interes eta ustelkeria sare konplexu bat erakusten du, non inor ez den lehen begiradan dirudiena, eta pertsonaia bakoitzak iragan misteriotsu bat ezkutatzen duen. Pertsonaien begiradek, keinuek eta isiluneek, sekretu eta orbain horiekin kontaktuan jarriz gero, atzeraezina izango den eztanda probokatuko dute.

Txilen ekoitzia, “Prófugos” telesailak berretsi egiten du Txileko ikus-entzunezkoen industria indartsu dabilela azken urteotan. Vicente Ferragut (Nestor Cantillana), Tegui Parraguez (Benjamin Vicuña), Oscar Salamanca (Francisco Reyes) eta Mario Moreno (Luis Gnecco) Boliviako mugatik Txileko Valparaiso portura kokaina likidoa bidaltzeko kontratatzen dituzte. Salgaia Europako erosleei portuan entregatzen dietenean ordea, teilatu batetik egindako tiro batek ustekabeko segada bortitza eragingo du. Telesailak, gainera, kalitatezko zigilu garrantzitsuak ditu. Fábula Producciones Txileko ekoiztetxe ospetsuak ekoitzi baitu eta HBOk primizian eman zuen Latinoamerikan. Zuzendarien artean, Pablo Larrain ezaguna nabarmentzen da.

Argentina: El marginal

NETFLIX

Bahiketa bat ikertzen ari den bitartean, polizia ohi bat San Onofre izeneko kartzelan infiltratuko da. Erabat gainpopulatua, lege bakarra gailentzen da bertan: indartsuarena.

Kritika sozial eta politiko nabarmen bat bezala eraikia, Argentinako “El Marginal” telesaila munduari bira eman dion polizia drama nabarmena da, non agerian geratzen diren sistema judizial kolpatu baten hainbat gabezia. Ekoizpena errealismo maila harrigarriagatik eta kalitate bisual zorrotzagatik nabarmenduko nuke. Gogortasun handia eta tonu zakarra dira kartzelako drama honen ezaugarri nagusiak. Telesail gordina da, non trama nagusia ia bigarren planora pasatzen den, telesaileko benetako protagonista ia guztia xurgatzen duen kartzela baita. Alarde tekniko handiko hasiera batekin, espetxeko drama honek ikuslearekin azkar konektatzea lortzen du. Atalez atal hazten doan ekoizpena da, erritmo biziari eta bikain zizelkatutako pertsonaiei esker.

Islandia: Trapped

MOVISTAR

“Bron/Broen” eta “Forbrydelsen” telesailek duten iluntasun horren printzak ditu, baina baita “Fortitude” edo “Fargo”-k erabiltzen zuten klaustrofobia eta klimatologia gogorreko une horiek ere. Nordic noir eta Agatha Christieren arteko hibrido bezala definituko nuke. Argudio ugari emango nituzke telesail honetara gerturatzeko; hasteko, gertutik jarraitu beharreko aktore berri bat ezagutuko duzulako: Olafur Darri Ólafsson. Hollywooden paper txikietan azaldu da dagoeneko, “True detective”-ren lehenengo denboraldian, esaterako, edo “Quarry” telesailean. Bere herrialdean, Gerard Depardieu islandiarra bezala ezagutzen dute jada. Gainera, traman, ezinbesteko beste pertsonaia bat ere ageri da: Islandiako naturaren indar ikaragarria, neurri batean, argazki zuzendaritza eta soinu banda bikainari esker lorturikoa. Egoera meteorologiko gogor eta latz baten menpe, akzio guztia izozturiko hamar egunetan zehar igarotzen da. Ikusleari gutxitan ikusitako hotz sentsazioa sorrarazten dio horrek. Islandieraz, danieraz eta ingelesez filmaturik egoteak sekulako aberastasuna ematen dio telesailari. Beraz, jatorrizko hizkuntzan ikustea ezinbestekoa iruditzen zait. Hori bai, pertsonaien izenekin ez nahasteko, bolaluma eta koadernoa erabiltzea zinez gomendatzen dizut.

Israel: Our Boys

HBO

Oso jende gutxik ikusi duen ezinbesteko telesaila. 2014. urtean Gazan izandako indarkeriaren gorakadari buruzko telesail motza. 2014ko udan, Hamaseko kideek hiru nerabe judu bahitu eta hil zituzten. “Erantzun gisa” judu talde batek Muhammad Abu Khdeir 16 urteko palestinarra bahitu, hil eta erre egin zuen. Gertaeren kate honek gizartearen eta pertsona askoren bizitzak aldatu zituen. Hamar ataletan, “Our boys”-ek zehatz-mehatz kontatzen du nola gertatu ziren bahiketa eta hilketa, bilaketa lanak, ikerketa, gurasoen etsipena, atxiloketak eta epaiketa. Ekoizpenaren egileek hiltzaileak hazi ziren familia, politika eta erlijio giroa aztertzen dute.

Intriga ukituak dituen telesail aparta da, eta ñabardura batzuk salbu, irakurketa politiko eta sozial sakon eta egiaztatuan oinarritzen dena. Lehen atalak, bereziki, geldotasunez kontatuak daude, urduritasun deseroso bat eragiteko, batetik, eta gertaerak ia literalki finkatzeko, bestetik. Hebreeraz eta arabieraz hitz egiten da, eta kontakizunak tentsio handia transmititzen du une oro, betiere bi ikuspegitatik: intimoa, non trama biktimetan zentratzen den, eta soziala, non indarkeria, aurreiritziak eta arrazakeria jartzen dituen mahai gainean.