Uztaila eta agorrila artean Zuberoako lurraldean urtero bi aldiz antzezten den pastorala, iaz osasun egoera dela eta atzeratu egin behar izan zen, baina aurten bai, Ezpeize Ündüreine, Ainharbe, Sarrikotapea eta Ürrüstoi-Larrabileko biztanleek ‘Abdelkader’ obra eskainiko dute, zazpigarren hilabetearen 25ean eta zortzigarrenaren 1ean eta 8an. Jean-Louis Davantek idatzi obrak pastoralari izena ematen dion emirraren bizitza eta Algeriaren konkistaren kontrako borroka dauzka protagonista.
Pastoral idazle eta aditua den Jean-Louis Davant euskaltzain urgazleak ‘Abdelkader’ emir musulman jakintsuaren bizitza hartu du gaitzat. Horren bitartez, Algerian Estatu frantsesaren konkistaren kontrako borroka ere izanen da protagonista, 1832 eta 1966 urteen artean.
Battitt Berrogain izanen da errejenta, eta bere gidaritzapean 69 arizale, 15 dantzari eta 12 haur ariko dira, maiatzaren 13an abiatu ziren mustrakak Ezpeize Ündüreinen. Sophie Larrandaburu izanen da pastoraleko kantuen egilea eta kantore eramailea, azken urteetan sarritan izan ohi den bezala. Margot Faurie da dantzari dagokion atalaren arduraduna, eta Maylis Fordin jantziena.
Hiru emanaldi bi beharrean
Normalean birritan soilik antzeztu ohi da pastorala, baina gibelatu behar izan baita, aurten hiru aldiz egitea deliberatu dute, osasun protokoloak direla eta jende gutxiagori harrera egin dakiokeelako aldiro.
Eguraldi txarra egingo balu, igandean beharrean, neskenegunean edo larunbatean egingo litzateke, birritan soilik, uztailaren 31an eta agorrilaren 7an.