NAIZ

Realak lesio larri batetik errekuperatu berri den Alex Solaren hitzarmena luzatu du 2024ra arte

Realak Alex Solaren hitzarmena beste urte batez luzatzea erabaki du. 2024ra arte talde txuri-urdinera lotuta egongo da aurten bigarren taldean jokatu duen atzelaria. Pasa den urtean lesio larria izan ostean, gutxika forma hartzen joateko, Bigarren B Mailan minutuak jokatzea erabaki zuen klubak. 

Alex Sola, Lehen Mailan debuta egin zuen neurketan, Leganesen aurka. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)
Alex Sola, Lehen Mailan debuta egin zuen neurketan, Leganesen aurka. (Juan Carlos RUIZ / FOKU)

Alex Sola eta Realaren arteko loturak 2024. urtera arte iraungo duela iragarri berri du klubak. Hasiera batean, bien arteko hitzarmena 2023ra arteko zen baina beste urte betez luzatzea erabaki dute bi aldeek. 

Atzelaria bigarren taldearekin Bigarren Mailara igotzeko playoff-a jokatzen ari da –larunbatean Algecirasen aurka lehiatuko da Alonsoren taldea Almendralejon eta irabaziz gero, zilarrezko mailan jokatuko du datorren urtean–.

Pasa den urtean Numantzian jokatu zuen utzita –31 partidatan hartu zuen parte, horietatik 23 neurketetan hasieratik aritu zen– baina uztailean, denboraldiaren azken txanpan, lesio larri bat eduki zuen –eskuin belauneko aurreko lotailu gurutzatua hautsi zuen–. Hala, klubak iritzi zuen aurten onena bigarren taldearekin erritmoa hartzea izango zela. Martxoan hasi zen taldearekin entrenatzen eta apirilean bere lehen minutuak jokatu zituen. 

Kontratu berritze honekin, klubak atzelari donostiarrarengan daukan konfiantza islatu nahi du. Duela lau urte debutatu zuen bigarren taldean eta lehen taldean duela bi urte egin zuen debuta, Realak Leganes 3-0 mendean hartu zuen norgehiagokan, hain zuzen ere, Imanol Alguacil entrenatzaile zegoela.