«Euskaraz ikasi eta bizitzeko, jo pilota!». Hori da Bernat Etxepare lizeoko ikasle asanbladak hautatu duen lema heldu den ostiralean, maiatzaren 21ean, Baionan eginen duten mobilizazioari begira.
Goizeko 8.30ean manifestazioan abiatuko dira ikasleak lizeotik Baionako hirigunerat. Goizeko 10.00tan Suprefeturak Lapurdiko hiriburuan duen egoitzaren aitzinean ekimen bat eginen dute.
Horren aitzinean, maiatzaren 19an, Seaskak dituen lau kolegioetako hezkuntza komunitateak deiturik jende bilkurak eginen dituzte, zehazki brebeta eta baxoa azterketak osorik euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko.
Mobilizazioak Seaskako lau kolegioak diren herrietan egingo dira, eguerdiko 12.15ean. Hots, Baionako Santespiritu zubian, Kanboko Xalbador kolegioaren aitzinean den biribilgunean, Larzabalen kolegioaren kanpoaldean eta Ziburun, ostera, kolegiotik gertu Euskal Hirigune Elkargoak dituen bulegoen aitzinean.
Baxoa eta goi-ikasketak euskaraz burutzeko zailtasunak
Bernat Etxepare lizeoko ikasleen kasuan urtean zehar azterketak euskaraz egiten dituztenez ebaluazio jarraikia ezarriz baxoa proba ez bere osotasunean baina bai atal gehienetan euskaraz egiteko parada ukanen dute aurten.
Pandemiareen testuinguruak hala aginduta eta lizeoko ikasleek beraiek eginiko presiopean Hezkuntza Ministerioak hobetsi du filosofia eta ahozko handia deituriko proba presentzialean (beraz frantsesez) egitea. Alta, gainerako ikasgaiak ebaluazio jarraikia segituz ebaluatuko dituzte.
Edonola ere, oso egoera berezian hartuko den erabakia izanen den neurrian Parisek harturiko hautu hori ezin dela inondik inora garaipenatzat hartu argi dute gazteek.
Horrekin batera, Etxepareko ikasleen asanbladak ostiral honetarako antolatu duen mobilizazioaren bidez Zuberoa, Nafarroa Beherea eta Lapurdiko gazteek goi ikasketak euskaraz egiteko orduan atzematen dituzten zailtasunak agerian jarriko dituzte.
Egun Euskal Ikasketak (Euskal Filologia) izena duen formazioa baizik ezin da euskaraz egin. Paueko kanpusera loturik den Baionako unibertsitatean beste eskaintzarik ez baita euskaraz. Lan heziketari dagokionez aukera urriak dira baitaere.
Egoera horretan goi-ikasketak Hego Euskal Herrian egitea alternatiba naturala litzateke. Izan ere, atzerritar gisa hartuak diren heinean traba anitz ezartzen zaizkie Ipar Euskal Herriko ikasleei NUP edo EHUko kanpusetan izena emateko orduan.
Baxoa eta selektibitate proben egutegia ezberdina da, baloratzeko eta konbalizazioak burutzeko sistema ere.
Hori gutxi balitz, kasu gehinetan beka eta dirulaguntzen sistematik kanpo gelditzen dira oztopoz oztopo plaza bat atzematen duten ikasleek.
Estatuen esku dagoen eskunduntza dela gogoratzeaz aparte, Hego Euskal Herriko administrazioek beraiek ez dute, orain arte, lehentasun gisa jorratu afera, hala nola mugaz gaindiko harremanak arautzen dituen Akitania Berria-Euskadi-Nafarroa euroeskualdearen baitan aterabideak landuz.
Ondorioz, azkeneko urteotan bezala lizeoa euskaraz ikasi duten Iparraldeko ikasleen %10 baino gutxiagok eginen du ondoko ikasturtean Hego Euskal Herrira joateko hautua. Gainerakoek, goi-ikasketak burutzeko xede Euskal Herritik kanpo, frantses unibertsitatetara, jo beharko dute, ezinbestean.
Molac legeari ezarritako helegitea
Bestalde, Seaskako kolegio zein lizeotik aste honetan hauspotuko diren mobilizazio hauek testuinguru berezian emanen dira.
Maiatzaren 22an baino lehen frantziar Kontseiluak jakinarazi behar du-eta Molac legearen aurka 61 diputatuk aurkeztu zuten helegiteari buruzko erabakia.
Etxepareko ikasle asanbleak euskarazko hezkuntzari bermea emateko sorturiko arauaren beharra ezinbestekoa dela uste du eta horrela defendatu dute, ostiralean, karrikan.
Are, iragan apirilaren 8an frantziar Asanblea Nazionalak gehiengo zabal batez aintzat hartu zuen legea indarrean eman eta «berehalako neurriak» hartzeko beharra mahaigainean ezarriko dute lizeotarrek. Alde batetik hamarkadaz hamarkada Iparraldeko ikastolek pairatu behar izan dituzten oztopoak behingoz altxatzea eta Seaska elkarteari dagozkion baliabideak bermatzea exijituko dutelarik.
Ikastoletan soilik ez hiru lurraldetako eskola publikoetan ere murgiltze eredua garatzeko ahalmenak azkarki behar direla nabarmendu nahi izan dute gazteek.
Dagoeneko «pilota jo aitzin» beroketa lanak abian eman dituzte, ezker pareta baino sare sozialetan, Etxepareko ikasleek. Hala euskaraz ikasi eta bizitzeko aukera eginen duten gazteek gainditu behar dituzten trabak zehazki azaltzeko bideo-testigantzak zabaltzeari ekin diote aste hastapenetik.