NAIZ

Ertzaintzak 1995ean hil zuen Rosa Zarra gogoratzen zuen plaka kendu egin dute

Amarako bizilagunek ohartarazi dutenez, duela urtebete Rosa Zarra gogoratzeko jarritako plaka kendu egin dute ezezagun batzuek. Berriro jarriko dutela argi utzi dute. Ertzaintzak jaurtiriko pilotakada baten ondorioz hil zen Zarra, orain dela ia 26 urte.

Hementxe zen Zarraren omenezko plaka, orain desagerrarazia. (NAIZ)
Hementxe zen Zarraren omenezko plaka, orain desagerrarazia. (NAIZ)

Ertzaintzaren oldartze batean zauritu eta gero hil zen Rosa Zarra donostiarra gogoratzeko plaka jarri zuten Donostiako Amara auzoan pasa den udan. 1995ean gertatu zen zorigaiztoko pilotakada hura. Orain bizilagunek ohartarazi eta salatu dutenez, oroitarria «desagertu» egin da. Ezezagun batzuek kendu egin dutela bistan da.

GALek erahildako Joxean Lasa eta Joxi Zabalaren gorpuak agertu ondoren gertatu zen Zarraren hilketa. Hauxe da 25. urtemugan Xabier Irazusta senarra eta Maider Irazusta alabari GARAk eginiko elkarrizketa.

Mende laurdenaren testinguru horretan ekarri zuen gogora Sortuk ekitaldi xume baten bidez eta geroztik plaka bat jarria zen auzoan, Ferrerias plazan hain zuzen ere, oroimen gisa. Auzokide ugari atsekabetu ditu oroimen-seinalea desagerrarazi dutela ikusteak, baina berriro jartzeko borondate irmoaz erantzun dute.

Honezaz gain, Sortuk mezua helarazi dio Donostiako EAJri, gertaera honen aurrean posizionamendua har dezan.