EH Bilduk eta EH Baik, ohar batean adierazi dutenez, bat egin dute larunbatean, euskarazko murgiltzearen alde egingo den mobilizazioarekin. Apirilaren 8an ‘Eskualde hizkuntzen patrimonio babeserako eta promoziorako’ lege historikoa onartu zuen frantziar Asanblea Nazionalak eta aurreko astean Kontseilu Konstituzionalak «inkostituzionaltzat» jo zuen. «Esperantza sortu zuen herrialde anitzetan» azpimarratu dute koalizioek.
Itxaropen horren atzetik, orain, azken erabakiak «haserre handia» eragin duela nabarmendu dute, bai Euskal Herrian bai ondorioak pairatu beharko dituzten beste herrialdeetan ere.
«Frantziar Estatuak mezu argi bat helarazi digu: Konstituzio honekin eta batez ere 2. artikuluarekin, hizkuntza gutxituek ez dutela inongo garapenik izanen. Murgiltze sistema lanjera bat ote da frantsesarentzat? Frantsesak beldur ote dio hizki diakritikoei? Nola ulertu behar dugu erabaki hori?»
Honen aurrean Euskarak eta gainontzeko hizkuntza gutxituek, bizirauteko, «estatus juridiko berezi bat» behar dutela adierazi dute.
«EH Baik eta EH Bilduk gure babes osoa adierazi nahi diegu, egunerokotasunean euskararen alde ari diren guziei: euskaldunak, elkarteak, irakasleak... Euskararen kontrako erasoa, euskaldunen kontrako erasoa da. Gure hizkuntzari dugun atxikimendua erakutsi behar dugu eta erasoari kolektiboki erantzun, mobilizazioen bitartez». Honela, larunbatean Baionako Lauga aretoan, 16:00etan, deitutako mobilizazioarekin bat egin dute.