NAIZ

Japoniako Gobernuak osasun larrialdi egoera ekainaren amaierara arte luzatu du

Olinpiar Jokoak hasteko hilabete faltako den arte osasun larrialdi egoera mantentzea deliberatu du Japoniako Gobernuak Tokion eta beste zortzi eskualdetan. Japoniarren iritzia Olinpiar Jokoen gero eta aurkakoagoa den arren, kirol ekitaldia bere horretan jokatuko da azkenean.

Japoniako Lehenengo Ministroa, Yoshihide Suga, osasun larrialdiari buruz kontu ematen. (Behrouz MEHRI / AFP PHOTO)
Japoniako Lehenengo Ministroa, Yoshihide Suga, osasun larrialdiari buruz kontu ematen. (Behrouz MEHRI / AFP PHOTO)

Japoniako Gobernuak osasun larrialdi egoera zabaldu du Tokion eta beste zortzi eskualdetan, ekainaren amaierara arte, Olinpiar Jokoak hasteko hilabete bakarrik faltako den arte.

Yoshihide Suga buru duen Exekutiboak, hala, Japoniako eskualde nagusietan indarrean dauden murrizketak mantentzea erabaki du, herrialdean jarraitzen duen laugarren kutsatze olatuaren eragina murrizteko. Aldi berean, herritarren txertaketa erritmoa bizkortzeko konpromisoa hartu du.

Ondorioz, osasun larrialdia ekainaren 20ra arte luzatuko da, inkesten arabera zalantzaz eta Japoniako biztanleriaren arbuio gero eta handiagoaz inguratutako ekitaldi olinpikoa bermatze aldera.

«Badakit Jokoei buruzko iritzi asko daudela. Oso serio hartu dugu eta neurriak hartzen saiatu gara», esan du Sugak, larrialdiaren berri ematean, eta «Gobernuaren lehentasuna japoniarren bizitza eta osasuna babestea» dela esan du.

Kutsatzeek behera, baina ez nahikoa

Osasun larrialdiak tabernen eta jatetxeen ordutegiak murriztea dakar, bai eta alkoholaren erabilera debekatzea ere. Horrez gain, jendeak kirol ekitaldietara eta bestelako ekitaldi jendetsuetara joateko muga ezartzen du. Dena den, neurri horien artean ez da herritarren nahitaezko konfinamendurik sartzen.

Erabaki horiei esker, Japoniako kutsatze erritmoa murriztu egin da, baina agintariek uste dute kopuruak handiegia izaten jarraitzen duela eta «gora egiteko arriskua» ere badagoela, panedemiaren aurkako arduradun Yasutoshi Nishimura ministroak erantzun duenez.

Tokion eta Osakan ere, laugarren kutsatze olatuak gehien kaltetu dituen eskualdeak, beheranzko joeran daude, baina maila «altua» da oraindik Sugak esan duenez.

Japonian pandemiaren erruz 738.500 kutsatutik gora daude, eta 12.800 pertsona hil dira. Maiatzaren erdialdetik hona, egunean 4.000 eta 6.000 positibo bitartean zenbatu dira.

Sugak, halaber, herrialdeko txertaketa erritmoa bizkortzeko "ahaleginak" egingo dituela agindu du; izan ere, oraingoz, herritarren %6ari baino ez diete dosi bat eman, sendagileen eskasia eta beste zailtasun batzuk direla eta.

Japoniako gobernuak ekainaren erdialdean egunero milioi bat pertsona txertatzea du xede, eta 65 urtetik gorako herritar guztiak uztailaren atxertatuta nahi ditu; Olinpiar Jokoak hastearekin batera, alegia.

Zalantzak argitu ezinik

Osasun-larrialdiaren hedatzeak, Japoniako Gobernuak pandemia hasi zenetik hiru aldiz erabili duen salbuespenezko neurri horrek, ez du laguntzen Tokioko Olinpiar Jokoei buruzko etengabeko zalantzak argitzen.

Beldur horiek baretze aldera, Jokoetan parte hartuko duten atzerritarren kopurua 78.000 lagunera murriztu da, hasieran aurreikusitakoaren erdia, eta kutsatzeak prebenitzeko «sistema zorrotz» bat gehituko zaio, Sugak azpimarratu duenez.

Bestalde, Seiko Hashimoto Tokioko 2020ko batzorde antolatzaileko presidenteak onartu du larrialdia zabaltzeak «zaildu» egingo duela olinpiar estadioetan publikorik egongo den zehaztea.

Hashimotok adierazi duenez, antolatzaileek larrialdia amaitu arte itxarongo dute horri buruzko erabakirik hartzeko. «Gobernuaren jarraibideak aintzat hartuko dira» ikusleen bertaratzeari dagokionez, gaineratu du.

Gaur egun, Japoniako agintariek 5.000 pertsonako muga ezartzen dute estadioetan, edo haien gaitasun osoaren %50ekoa.

Japoniako egoeraren ondorioz, ekitaldia «burbuila» formatuan antolatzea erabaki dute kirolari zein batzorde eta federazioetako partaideentzat, eta atzerriko bisitariak herrialdean sartzeari betoa jarri diote.

Dena dela, testuinguru horretan, antolatzaileek eta Nazioarteko Batzorde Olinpikoak Olinpiar Jokoek bere horretan aurrera egitea berretsi du azken egunotan, japoniarren artean dagoen ezinegonari jaramon handirik egin gabe, ezta osasun kolektiboek bertan behera uzteko egindako eskaerei ere.