Maite Ubiria

Scola Corsak eta Seaskak agerraldia egin dute murgiltzearen aldeko mobilizazioaren atarian

Murgiltze eredua abiatuko dute laster Korsikako ama eskoletan. Murgiltze ereduaren defentsan deituriko mobilizazio egunaren bezperan hizkuntza gutxituek merezi duten estatusa eskura dezaten elkarlanean jarduteko nahikeria baieztatu dute, Baionan, Scola Corsa eta Seaska elkarteek.

Joseph Turchini, Scola Corsa elkartearen presidentea, François Alfonsi korsikar eurodiputatua eta Peio Jorajuria Seaskaren legendakaria. (Bob EDME)
Joseph Turchini, Scola Corsa elkartearen presidentea, François Alfonsi korsikar eurodiputatua eta Peio Jorajuria Seaskaren legendakaria. (Bob EDME)

Heldu den ikasturtean abiatuko da Scola Corsa egitasmoa. Korsikeraz murgiltze eredua martxan emanen dute, Bastiako eskualdeko ama eskola batean. Bigarren eskola hurrengo urtean zabaltzeko asmoa dute.

Scola Corsa elkartearen presidente den Ghjiseppu Turchini buru duen korsikar delegazioa Ipar Euskal Herrian egon da azkeneko egunotan Seaskarekin aspalditik abiatu zuen harremanari segida emanez.

Bihar Baionan bezala Hexagonoko hiri askotan murgiltze ereduaren defentsan eginen den mobilizazio egunaren bezperan aipaturiko bi elkarteek hizkuntza gutxituek merezi duten estatusa eskura dezaten elkarlanean jarduteko nahikeria baieztatu dute.

Ildo beretik «Kontseilu Konstituzionalak eman duen ebazpenak sortzen duen mehatxua ahal den eta azkarren altxatzeko» dei egin dute Bernat Etxepare lizeoan egin duten agerraldian.

Korsikako delegazio horren partaide den François Alfonsi eurodiputatuak Molac Legearen aurkako erasoak frantziar botere eremuetan eragin duen krisia nabarmendu du.

Era berean ebazpenak Konstituzioaren 2. artikulua aldatzeko premia areagotu duela jarri du mahai gainean.

«Ondoko egun edo asteotan ikusiko dugu ea frantses presidenteak lege egitasmoa aurkeztuko duen Konstituzioaren erreforma aitzineratzeko; hala ez bada gertatzen heldu den urten frantziar Presidentetzarako hauteskunde kanpainan nahi eta nahi ez auzia planteatuko da» adierazi du Alfonsik.

Anartean, Estatuak emanen duen erantzunari beha gelditu ordez hizkuntza gutxituen alde jarduten duten eragileek indarra egiteari garrantzia eman dio.

Hala, Korsikan, Catalunyan, Alsazian edota Euskal Herrian «Gure Hizkuntzak Bizi Daitzen» dinamikaren baitan larunbat honetan egingo diren mobilizazioek ahal dutela geldiarazi Parisetik heldu den erasoa defendatu du.

«Uste zutenek hizkuntzen defentsa nostalgia ekimena zela konturatuko dira gure gizarteen baitan bilakaera handia eman dela gai honen inguruan, zeren eta populazioek gero eta atxikimendu handiagoa diete tokiko hizkuntzei», adierazi du eurodiputatuak.

Korsikar hizkuntza dinamitzatzeko parioa

Ghjiseppu Turchini Scola Corsako lehendakariak, bere aldetik, korsikeraren transmisioa bermatze aldera hezkuntzan murgiltze eredua garatzea ezinbestekotzat jo du.

Seaskaren laguntza izan dutela hastapenetik argitu ondoren ikastolek egin duten bidea eredutzat jo du.

Baxoa euskaraz zioen tixerta jaso du opari gisa Scola Corsa elkartearen presidenteak Bernat Etxepare lizeoan antolaturiko agerraldiaren atarian.

«Ama eskolatik abiatuko duzue bidea baina guk egin dugun bezala kolegioa eta lizeoraino segitu beharko duzue, eta hori gogoan izateko eman dizuegu urte luzeetan brebeta bezala baxoa euskaraz egiteko eskubidea aldarrikatzeko gure ikasleek jantzi duten tixerta», azaldu dio irribarretsu Peio Jorajuriak Scola Corsako buruari.

Molac Legearen auziari heldu dio bere hitzartzean Seaskako lehendakariak. Jurajuriak «oso manifestazio handia» espero duela bihar adierazi du.

200 pertsona esanguratsuren agiria

Ipar Euskal Herriko 200 gizarte eragilek agiri baten bidez martxari eman dioten sostengua aipatu du Seaskako lehendakariak.

Musikariak, kirolariak, enpresariak, gizarte ekintzaileak, sindikalistak, hezitzaileak... hiru lurraldeetako persona esanguratsuek bihar kalera ateratzeko deia egin dute manifestu horren bidez.

Atzo, Bretainia, Ipar Euskal Herria, Catalunya eta Okzitaniako hizkuntza erakundetako arduradunek gutun irekia plazaratu zuten Emmanuel Macroni Konstituzioaren 2. artikulua aldatzeko prozedura lehenbaitehen abian ematea eskatzeko.

«Gure herrian kezka handia dago, haserre handia dago, azkeneko 50 urteetan Seaskak, baina horren ondotik baita sare katolikoak eta sare publikoak egin duten lanaren kontra erabaki anakronikoa hartu duelako Kontseilu Konstituzionalak», salatu du Jorajuriak.

«Mehatxu bat dugu gainean eta horren ordez bermeak eskatzen ditugu», gehitu du.

Mehatxua altxatu eta bermeak eman

Ipar Euskal Herrian murgiltzeak egin duen bilakaera laburbildurik, Seaskaren sareko 37 ikastoletan, sare katolikoaren 9 ikastetxetan eta sare publikoaren 20 zentrotan egun eredu hori baliatzen dutela oroitarazi du.

Ama eskoletan bost umetatik bat murgiltze ereduan dago Ipar Euskal Herrian. Are, heldu den ikasturtean sare publikoaren bertze hiru eskoletan eman nahi dute murgiltze eredua, baita ikastola batean eta sare giristinoaren bertze bi ikastetxetan ere.

Egitasmo horiek guztiak kolokan daude Kontseilu Konstituzionalak eman duen ebazpenaren ondorioz.

«Kontseilu Konstituzionalak ez gaitu geldituko baina bihar karriketara joko dugu ez garela prest eraso gehiago onartzeko agerian utzi nahian», adierazi du amaieran Peio Jorajuriak.