Ane  Urkiri
NAIZeko zuzendaria / Directora de NAIZ
Interview
Leticia Canales
Surflaria

«Bost urte daramat egunero entrenatzen eta Tokiorako txartela nire buruan ikusten»

Leticia Canales (Sopela, 1995) prest dago El Salvadorren jokatuko den Munduko Txapelketarako. Bisualizatu egiten du Tokiorako txartela baina era berean, kontziente da horretarako bere surf onena atera beharko duela: «Maila handiarekin heldu naizela uste dut eta orain surfa askatu behar dut». 

Leticia Canales, Cabreiro Pro Las Americas txapelketan, iaz. (Damien POULLENOT / WSL)
Leticia Canales, Cabreiro Pro Las Americas txapelketan, iaz. (Damien POULLENOT / WSL)

Larunbat honetan hasi eta hurrengo igandera arte Surfeko Munduko Txapelketa jokatuko da El Salvadorren. Zazpi surflari euskaldun egongo dira Tokioko Olinpiar Jokoetarako txartela lortzeko txapelketa erabakigarrienean: Aritz Aranburu, Andy Criere, Leticia Canales, Nadia Erostarbe eta Ariane Ochoa Espainiako selekzioarekin; Pauline Ado Frantziako selekzioarekin eta Keoni Lasa Venezuelakoarekin.

Leticia Canalesek –Baque Team fundazioko bekaduna– NAIZi helarazi dio bere asmo tinkoa dela txapelketa zazpi onenen artean lekua egitea, surfa kirol olinpiko izango zela iragarri zutenetik bertan imajinatzen baitu bere burua. Maiatzaren 18an iritsi zen El Salvadorrera eta lekuari, olatuei zein janariari «nahiko ondo egokitu» dela iritzi du. Prest ikusten da, «gogotsu, indarberrituta. «Sentsazio hauek izan behar ditut txapelketa hasi baino lehen». 

Tokiorako txartela lortzea aukera erreala dela ikusten duzu? 

Aukera oso ona da, nire burua bertan ikusten dut. Erronka polita da. Badaramat bost urte egunero entrenatzen eta Tokiorako txartela nire buruan ikusten. Egia da zaila izango dela bidea baina mangaz manga ikusiko dugu, presiorik gabe eta gogoekin. 

Olinpiar Jokoetarako txartela lortzea duzu helburu bakarra edo badituzu beste helburu txiki batzuk txapelketa honetan?

Helburu nagusiena da Jokoetarako sailkapena lortzea. Txapelketa hau urteko zailena izango da edo behintzat, helburu zailena. Baina nire buruari ez diot mugarik jartzen. Egun bakoitzeko mangan zentratu beharko naiz eta nire burua horretan buru-belarri jarri, tinko. Eta emaitza polit bat ateratzen badut ongi etorria izango da. 

Lesionatu zinen lekura itzultzen zara helburu handi batengatik borrokatzeko. Zein sentsazio dituzu?

Bai, ez nintzen lesionatu El Tunco-ko olatu hauetan baina bai herrialde honetan, El Salvadorren, Punta Rocan. Duela hilabete bat etorri ginen entrenatzera eta taldea finkatzera. Orduan surf egin nuenean beldur sentsazioa izan nuen. Burura etorri zitzaidan min hartu nuen momentua, baina aurrera egin nuen eta orain bertan ez daukat inolako sentsazio eskasik. Honek indartu egiten nau eta hauspo hau erabiliko dut manga bakoitzean. El Salvadorrek gauza on batzuk eman dizkit eta beste batzuk kendu. 

Hau normalizatu egin behar dugu, goi-mailako kirolariak lesionatu egiten gara eta aurrera egiten dugu. Gure pasioa gure kirola da eta horrelako gauzek indarra ematen digute aurrera segitzeko

Lesioa atzean utzi duzula uste duzu edo oraindik bere ondorioak nabari dituzu?

Atzean utzi dut bai, beste lesio batzuk ere izan ditut. Hau normalizatu egin behar dugu, goi-mailako kirolariak lesionatu egiten gara eta aurrera egiten dugu. Gure pasioa gure kirola da eta horrelako gauzek indarra ematen digute aurrera segitzeko. 

Gainera, pasa den urtean aldakatik operatu zintuzten eta koronabirusean positibo eman zenuen. Honek nola eragin du zure prestaketa lanetan? 

Koronabirusa pasa ostean operatu ninduten eta garai hartan bai sentitzen nintzen ahul, aldakaren ebakuntza ere bazegoen eta horrek ahuldu egiten du gorputza. Ez dut uste nire prestaketa lanetan eragina izan duenik. 

Ebakuntza hori nahita programatu zenuen iazko udaran gero Munduko Txapelketan prest egoteko edo bat-bateko kontua izan zen?

Australiatik itzuli nintzenean molestia batzuk nituen eta aukera polita ikusi genuen ebakuntza egiteko. Kalkulu batzuk egin genituen Munduko Txapelketara ondo iristeko. Bidea ez da izan oso ona, oztopoak izan ditudalako. Baina azkenean hemen nago, %100ean iritsi naiz eta hori da garrantzitsuena. Programatu nuena lortu dut.

Leticia Canales, Cabreiro Pro Las Americas txapelketan, iazko denboraldian. (Damien POULLENOT / WSL)

Nolakoak dira La Libertad hondartzako olatuak? Zein zailtasun dituzte? 

Indartsuak dira, nahiko zailak. Ozeano Pazifikoan olatuak indartsuak dira, urrunetik datoz eta beraz, energiarekin. Gu ez gaude ohituta horrelako olatuak hartzen. Kantauri itsasoak ez dauka indar hau. Zailtasun handiena egokitzea izan da, gure tablak eta gure surfa egokitzea. Pasa den hilabetean egon ginen hemen entrenatzen eta hor ikusi genuen ez zela hain erraza. Nire kasuan quiver guztia moldatu egin behar izan dut, tabla berriak egin eta orain nahiko ondo doaz. 

Nola entrenatu zara txapelketa honetarako? Eta non egin dituzu entrenamendu saio gehienak?

Egin beharreko entrenamenduak eginda daude eta orain tablak probatzen gabiltza. Entrenamenduak orain motzak dira, gehienez jota ordubatekoak. Bero handia egiten du, jendea urduri dago, uretan pertsona pila bat. Nahi duzuna da sentsazio onak izan eta orduan egiten duzuna da bainu azkar bat, helburu finkoekin eta sentsazio onak izatea da garrantzitsuena. 

Bi olatuetan entrenatu dugu. Hain justu etxea daukagu La Bocanaren aurrean eta olatu onak ikusten genituenean uretan murgildu gara. Eta gero El Sunzalen. Ni lehenago etorri nintzen eta biak probatu ditut. Txapelketaren atarian, El Sunzalen entrenatu naiz.  

Zer egin behar duzu ondo Tokiorako txartela lortzeko? 

Txartela lortzea emaitza da, lehenago lana egin behar dut. Nire surfa atera behar dut, horretan zentratu behar naiz eta ateraz gero, ez dago arazorik, emaitza lortuko dut. Lehen zazpi onenen artean bukatu behar dut eta erronka polita da. Zaila izango da baina helburu horrekin gatoz. 

Olinpiar Jokoek lehen aldiz hartuko dute surf txapelketa. Honen aurrean, zer sentitzen duzu? Inoiz gertatuko zela uste zenuen? 

Poztasuna sentitzen dut. Nire kirola Olinpiar Jokoetan egongo delako eta aukera daukadalako horretan parte hartzeko. Motibazioa da. Ez nuen espero, 2016an esan zuten eta hor mentalitate aldaketa egon zen. Ilusioarekin ikusten duzu egunerokotasuna, badakizulako helburu handia dagoela. Nik uste dut kirolari batentzako helburu nagusiena dela Olinpiar Jokoetan parte hartzea, emaitzik handiena da. 

Badaramat hiru urte Josean Arruzarekin lan egiten, nire kirol psikologoa da. Beti presioaren kudeaketa landu izan dugu, bai QS ligan eta baita Munduko txapelketetan ere. Laguntza handia da

Helburu handi batengatik borrokan egoteagatik, nola kudeatzen duzu presioa? Azkenean ametsa betearazteko nahia dago baina bere zailtasuna dauka. 

Badaramat hiru urte Josean Arruzarekin lan egiten, nire kirol psikologoa da. Beti presioaren kudeaketa landu izan dugu, bai QS ligan eta baita Munduko txapelketetan ere. Laguntza handia da. Emaitza baten atzean entrenatzailea, shaper-a, kirol psikologoa, familia… daude atzean. Badakigu zailtasuna dagoela emaitza lortzeko eta kendu behar dugu presio hori eta gure surfean zentratu. 

Olinpiar Jokoak urtebete atzeratzea onuragarria izan dela uste duzu? Edo itxaroaldi hau astuna ari da izaten? 

Pertsonalki, hain justu erritmo onarekin nengoen Sidney-ko txapelketaren ostean eta gainera pare bat txapelketa genituen gertu. Niri luzeegia egin zait. Baina, era berean, ebakuntza izan nuen gero eta pentsatu nuen, oraindik aukera neukala gauzak ondo egiteko. Nik beti alde positiboari begiratzen diot eta bai, egia da astuna egin zaigula baina guztioi egin zaigu; edozein kirolariri galdetzen badiozu esango dizu 2020 urte zaila izan dela. Nik uste dut heldu naizela maila handiarekin, indarberrituta eta orain nire surfa askatu behar dut.