«Euskarari bultzada ematea garrantzitsua da egoera honetan ere»
Sopelako Ander Deuna eta Leioako Betiko ikastolei egokitu zaie aurtengo Ibilaldia antolatzea, 2020-21 ikasturtean zehar Uribe Kostan eta Leioan egin diren ekimenei amaiera emanez. Bi ikastoletako zuzendariek inoiz baino beharrezkoagoa ikusten dute egoera honetan ere euskarari bultzada ematea.
Ez da lehendabiziko aldia Sopelako eta Leioako ikastolek Ibilaldi bat antolatzen dutena. 2004an Betiko eta Ander Deuna ikastolek “Alkarregaz heldu” leloa zuen edizioa antolatu zuten Leioan, eta zazpi urte lehenago, 1997an, Leioa-Getxon ospatu zen, Betiko ikastolak antolaturik. 1990ean, Ander Deuna ikastolak Sopelan antolatu zuen Algorta, Getxo eta Areeta-Leioako ikastolen laguntzarekin. Eskarmentua badute, beraz, baina aurtengoa guztiz bestelakoa izango da, pandemia egoerak hala behartuta. Bi zuzendariekin hitz egin dugu, Ibilaldi berezi honen prestakuntza nolakoa izan den, ze zailtasun izan dituzten eta Ibilaldiaren etorkizuna nola ikusten duten jakiteko.
Nolakoa izan da Ibilaldi berezi honen prestakuntza?
Xabier Ugalde: Hasieratik zalantzak izan genituen, Ibilaldia egin edo ez ere hausnartu genuen. Erabakia ondo pentsatu genuen, alde eta kontrako iritziak baloratu... eta azkenean aurrera egitea erabaki genuen. Gauza bat argi izan dugu hasieratik: baldintza oso berezietan egin behar genuela aurtengo ibilaldia. Pentsatu genuen hainbat gaitasun eduki behar genituela zerbait konkretua eskaintzeko eta, aldi berean, egoerak eskatzen dituen osasun neurriak bermatuz. Azken finean, osasun neurriak betetzea da garrantzitsuena; ikastolak gara eta eredugarriak izan behar dugu. Eta orduan hori izan da apur bat prestakuntzaren aldetik dena. Hortik aurrera, gauzak ondo joan direla esan dezakegu, jendeak benetan oso ekarpen handia egiten du, eta egoerak eskatzen dituen neurriak betetzen. Gogotsu, ilusio handiarekin, benetan.
Koldo Tellitu: Berezia, berezia benetan. Egia esan, normalean sekulako auzolana izaten da; milaka pertsonak parte hartzen dugu Ibilaldiaren prestakuntzan. Baina aurten prestakuntza ez da betikoa izan, denok dakizkigun arrazoiengatik. Guztiz baldintzatu gaituzte osasun neurriek. Azkenean, udalerrien itxierak, hilabete bat bai eta beste bat ez, korapilatu egin du dena. Arropa salmentak, adibidez, osasun neurriak betetzeak... irteerak murriztea bultzatu du. Bestetik, ekitaldiak (edukiera, mugikortasuna…) Zaila izan da ohiko ekitaldiak aurrera eramatea eta ohikoak diren diru sarrerak ere ez ditugu izan. 2019an izandako jende mobilizazioa itzela izan zen, eta aurten, askoz txikiagoa izan da.
Halaber, dena prestatzen egon garen hilabeteetan zehar, fase ezberdinak egon dira: urtarrilean eta otsailean, adibidez, ezin izan dugu ezer egin. Murrizketak oso inportanteak izan ziren, ia udalerri guztiak gorrian zeuden... Baina martxotik aurrera pixkanaka-pixkanaka ekitaldi txikitxoak egin ditugu, ondo antolatu gara eta ondo atera dela uste dugu. Baina benetan hilabete ilunak egon dira, eta, maiatzaren 30era begira, oso adi egon behar dugu osasun neurriak behar diren moduan betetzeko.
Zergatik uste duzue garrantzitsua dela Ibilaldia osasun egoera honetan ere egitea?
Xabier Ugalde: Egia esango dizut; gure ikastola izan zen ezkorrena. Gu izan ginen apur bat planteamendu eskasa genuena, eta zalantza handienak izan genituenak. Baina dena erabaki ondoren eta aurrera egitea erabaki eta gero, beste modu batera ikusi genuen dena. Bideoklipeko parte hartzea mundiala izan zen, denak prest, gogotsu… jendeak gogoa du eta hori lehenengo inflexio puntua izan zen. Hortik aurrera erabakirik onena izan zela pentsatu genuen, aurrera egitea, aurtengo Ibilaldian erabaki onena. Pozik gaude.
Koldo Tellitu: Euskarari eta euskal kulturari bultzada bat ematea beti da garrantzitsua. Gure jaiekin urtero zenbait helburu ditugu. Helburu horien artean beti dago euskarari eta euskal kulturari plaza handi bat eskaintzea. Merezi duten plaza handia eskaintzea. Egoera berezi honetan, beraz, horrekin bat egiten dugu.
Bestetik, pentsatzen dugu ikastola eredua gure gizarteari erakustea ere oso garrantsitzua dela, gure hezkuntza ereduarekin bat datozen balioak gizarteari erakutsi behar dizkiogula. Aurten inoiz baino gehiago, euskarak eta euskal kulturak berraktibazioa behar dute. Badakigu pandemiaren ondorioak latzak izan direla, eta horregatik eta esan dizkizudan arrazoiengatik pentsatzen dugu garrantzitsua dela aurtengo Ibilaldia egitea, desberdina baina Ibilaldia, azken finean.
Hurrengo urteari begira, nola ikusten duzue 2022ko Ibilaldia?
Xabier Ugalde: Itxaropentsu gaude. Gaur norbaitek komentatu dit datorren ikasturtean musukoarekin jarraitu beharko dela ikastetxeetan, eta pentsatu dut, joe, berriro musukoarekin... Baina bai, uste dut egoera hobea topatuko duela Abusuko Ikastolak, adibidez. Abusuko Ikastola izango da hurrengoko Ibilaldiaren egoitza. Eurek badauzkate planak jada, gogotsu daude eta, esan dizudan moduan, uste dut egoera askoz hobea aurkituko dutela. Eta, gainera, Abusu Bilbon dago, eta Bilboko auzo bat Ibilaldiaren egoitza izatea beti da interesgarria. Orokorrean itxaropentsu gaude txertaketa aurrera joango delako eta egoera txarrena jada pasatu dugulako. Aurtengo Ibilaldia egoera berezi honetan antolatuko dugun azkenengo Ibilaldia izatea espero dugu.
Koldo Tellitu: Batek daki. Urtebete falta da eta pentsatzen dugu baietz, berreskuratuko dugula behintzat aukera hori, egoera normal batean egiteko eszenatokia. Azkenaldian, gure jaiak nola egin edo nola ez erabakitzeko, ikastolak hausnarketa batean murgilduta daude. Eta nola egingo dugun hurrengoko Ibilaldia? Ba ikusiko dugu, baina uste dut garrantzitsua izango dela hausnarketa horiek baldintzatuta ez egotea osasun neurriengatik. Baikor gaude orokorrean, pixkanaka-pixkanaka hoberantz joango garen itxaropenarekin.