Oihane Irazu
Interview
Xabi Aburruzaga
Ibilaldiko musikaren egilea

«Kantu erraza, sinplea eta gogoratzeko modukoa egiten saiatu naiz»

Ibilaldia antolatzeko orduan, Ander Deuna eta Betiko ikastoletako komunitateak argi izan du modu kooperatibo batean lan egin behar zuela, baita kanta egiterakoan ere. Osasun neurriak direla eta, beste urteetan baino zailagoa izan da grabaketa. Baina Xabi Aburruzaga pozik dago lortutako emaitzarekin.

Xabi Aburruzaga
Xabi Aburruzaga

Aurtengo Ibilaldiaren leloaren eta kantaren letraren egileek ezin hobeto jakin dute hitz gutxitan biltzen adierazi nahi zuten mezua: busti beharra dagoela euskara ezagutu eta ikasteko, busti beharra euskaraz mintzatzeko, busti beharra euskara edonorekin edonon eta edonoiz erabiltzeko, busti beharra, azken batean, euskaraz bizitzeko. Konpromisoaren inguruan ere hitz egiten du kantak. Konpromisoa Euskal Herri osoa hartzen duen ikastolen proiektua aurrera ateratzeko, konpromisoa elkarrekin aritzeko helburu komunak lortzeko, konpromisoa euskararen eta euskal kulturaren transmisioan eta sorkuntzan, konpromisoa hezkuntzatik gure etorkizuna eraldatzeko.

Abestiaren musika konposatu duzu, baina, izenburua egokitzeko, zertan oinarritu zarete?

Izenburua edo leloa sortzeko, ikastolak bilerak egin ditu gurasoekin eta ikastolaren inguruan dauden pertsona multzoekin. Ni neu, Ander Deuna ikastolako gurasoa naiz, baina lehenago trikiti klaseak ematen nituen bertan. Asko pentsatu ondoren, eta pixa bat ere Sopela inguruan erabiltzen diren berbak baloratu eta gero, “kala-kalata” atera da.  Baina ez bakarrik zentzu literal batean, baizik eta “kala-kalata” euskararen alde, kulturaren alde, gure herriaren alde... hortik doa. Pixka bat metaforikoa da. Kantua konposatzeko garaian, joko handia eman digu, soinu oso polita dauka, eta leloa ere horretara bideratu du, Afrikako musikara edo musika latinora bideratu du kantua, nahiz eta trikitiarekin egindakoa den.

Zein izan da letrari musika ipintzeko izan duzun inspirazioa?

Nire semeak izan dira. Ander Deuna ikastolara doaz eta beraiekin jolasten eta abesten izan nuen inspirazioa. Saiatu naiz publiko guztientzako kantua izan zedin, kantu erraza, sinplea eta gogoratzeko modukoa, Ibilaldi batek behar duen kantua. Eta pozik nago izan duen harrerarekin, benetan. Ibilaldiaren istorioan erreprodukzio gehien izan duen kanta da. Ez da lehiaketa bat, baina bai erronka handia. Bertako gurasoa naiz, eta imajinatu kantaren musika konposatu eta ez zaiela gustatzen… Baina, zorionez, lehenengo momentutik jendearen ilusioa jaso nuen, poztasun itzela.

Nola izan da pandemia garaian abestia konposatzea?

Kantua grabatzeko momentuan, abeslari profesionalek salbu, ikasleek eta abeslariak ez zirenek musukoarekin grabatu behar izan zuten kanta estudioan, eta horrek eragozpenak ekarri ditu; txikiak izan diren arren, dena motelago bilakatu du. Urdulizen grabatu genuen, goizetik gauera. Egunean zehar, bi ikastoletako ikasleak eta umeak etorri ziren, baina musukoarekin. Horrek edizioaren orduan luzatzea ekarri zuen; tinbrea moldatzea, adibidez. Baina bueno, konposizioaren aldetik, ba trikitia, pianoa... hor ez dut desberdintasunik sumatu.

2004an ere kanta zuk zeuk konposatu zenuen. Hori bai, egoera guztiz ezberdinean...

Bai, noski, pandemiarik gabe behintzat! Garai hartan, Ander Deunan trikiti klaseak ematen nituen eta erabat desberdina izan zen prozesua; enkargua eman zidaten, kantua aurkeztu eta listo. Donostiara grabatzera eta listo, dena oso azkarra izan zen. Kasu honetan motelagoa izan da, esaten dizudan moduan osasun neurriek baldintzatuta. Dena oso ondo pentsatu behar izan dugu, gurasoak, ikastolak… denok. .

Elkarlanean egindako kanta dela azpimarratzen duzu. Nolakoa izan da elkarlan hori?

Hasteko, Xabier Paya aipatu behar da. Bera letraren egilea izan da, baina zeozer gehiago ere izan da niretzat; aholku pila bat eman dizkit. Niri eta denoi. Aipatu nahi nuke ere bileretan egon den lantaldea: Ander Deuna eta Betiko ikastoletako ikasleak lehenik eta behin, eta, noski, aurrean egon diren lau emakume: Itziar Ituño, Aiora Renteria, Iholdi Beristain eta Maitane Salvador. Askotan kaletik zoriondu egiten naute abestiagatik, baina zorion horiek denontzat dira. Adibidez, Alberto Urretorentzat ere, tronboia jotzen duena. Asier Alda eta Josu Barbariasentzat ere bai, ikastolako kontserjea. Denoi esker lortu dugu lortutako arrakasta; horregatik, elkarrizketa niri egin badidazu ere, guztion lana izan dela aipatu nahi dut.