Udal eta foru hauteskundeak egin zirenetik legealdi erdia bete denean, EH Bilduk ekitaldia egin du igande honetan Ordizian, bere alkateei eskertza adierazteko.
Hego Euskal Herriko udaletxeetan koalizio abertzaleak lortutako aldaketaren ordezkariak izan dira, Adur Ezenarro Ordiziako alkatea ekitaldia hartu duen herriaren ordezkari bezala, Pablo Ortiz de Latierro Argantzungo alkatea, Iñigo Hernando Galdakaokoa eta Oihan Mendo Gareskoa. Horrez gain, aitortza berezia egin zaio Nagore Alkorta Azpeitiako alkateari, azken hilabeteetan Corrugadosen auzia dela eta jasan duen jazarpen mediatiko eta politikoari eman dion erantzuna balioetsiz. Arnaldo Otegi EH Bilduko koordinatzaile nagusiak eta Madrilen diputatua den Mertxe Aizpuruak ere hartu dute hitza ekitaldian.
Ordiziako alkateak koronabirusaren pandemia izan du hizpide. Agertu du «gure miserien aurrean» parez pare jarri gaituela osasun krisiak, baina horretarako beharra ere bazegoela. «Udalek, gure baliabideekin, asko egin dezakegu herritar, merkatarien edo ostalarien alde. Ordizian horretan saiatu gara», agertu du Ezenarrok.
Ez ditu ukatu pandemia honetan zehar pairatutako noraez eta arazoak, gogoratu du baita berak gidatzen duen gobernu taldea eta Ordizia bera «errudun mediatiko» bilakatu nahi izan zutela pandemiaren hastapenetan; baina, esan duenez, «iparrorratza herria duzunean, eta badakizunean zure oinarria pertsonak direla, aurrera egiten duzu».
Hortaz, eta etorkizunerako irakasgai gisa, berretsi du «pertsonen bizitzak erdigunean jartzen dituen komunitatea» osatzea dela «edozein krisiri aurre egiteko modurik eraginkorrena».
EH Bilduk Nafarroan eta Garesen izan duen bilakaerari buruz mintzatu da Oihan Mendo. Gogoratu du 2015ean koalizio abertzalea hirugarren indarra zela herrian eta, harik eta 2019an emaitzak bikoiztu eta udal gobernua lortu zuen arte, «higiezina zirudien erregimen batek» agintzen zuela Nafarroako herri askotan, «klientelismoan» oinarritutakoa eta «herritarrengandik urrun zegoena».
Urte luzez finkatutako egoera erauzi eta hamaika ekimen bultzatu ditu EH Bilduk aldaketa jazo zenetik, tartean, auzo batzarrak, Garbitu Gares ekimena edo lan-poltsa herrikoia, Garesko alkateak nabarmendu duenez.
Argantzuneko alkateak, bere aldetik, gogorarazi du pandemiak eragindako osasun eta gizarte krisiari beste zenbait herrik baino nekezago egin behar izan diotela aurre, Burgosekiko menpekotasunarengatik. «Esaten genuen birusak ez duela muga anakronikoetaz ulertzen, eta hala demostratu da».
Muga anakroniko horiek, ordea, euskararen normalizazioan eragina duela gaitzetsi du. Dena den, bide horretan ez dutela etsiko segurtatu du, eta urtearen amaierarako euskara plan berri bat izango dutela aurreratu du.
Bizkaitik Iñigo Hernando Galdakaoko alkatea erdu da Ordiziako ekitaldira. Bere herriko, Durangoko edo Arrigorriagako udal-gobernuen aldaketei egin die erreferentzia, nabarmenduz Bilbo Handian eta Bizkaian gero eta indar gehiago duela EH Bilduk. Horren arrazoietako bat da, bere ustez, herritarrek ikusi dutela EAJren gobernu-ereduarekiko oso bestelakoa den «eredu zintzoa» eskaintzen duela koalizioak.
Alkaterik onena, herria
Santi Brouard-ek frankismoaren osteko lehenengo hauteskundeetan, 1979an, zabaldutako esaldia ekarri du igandean gogora Mertxe Aizpurua Madrilen diputatuak eta Usurbilgo alkate izandakoak: «Alkaterik onena herria da».
Printzipio hori 1979tik hona mantendu eta zabaldu du EH Bilduk bere esanetan, eta azpimarratu du aspalditik mantendu den «sen komunitarioaren arrasto sakona» dagoela esaldi horren atzean. Areago, ariketa kolektiboa bilakatu et ondoren praxi demokratikoan txertatu dutela esan du.
Ordizian elkartu den udaletako ordezkaritza zabalari zuzendu zatzaio ondoren: «Herri bakoitzetik gorantza doan egitura politikoa berritzen eta eraikitzen ari zarete. Gauza bat dut oso barneratua: EH Bildu ez litzatekeela ezer izango udalgintzaren lanik gabe. Zeren, nekez izango ginateke zerbait sustraiak herrietan ez bagenitu. Zinegotzi eta alkateok, zuek zarete EH Bilduren bizkar-hezurra».
Bi eredu
Aizpuruak Nagore Alkortari hitza eman dionean, txalo zaparrada batekin hartu dute Ordiziako plazan elkartu diren bilkideak. Larunbatean herrian egin zioten omenaldia ekarri du akordura Alkortak, eta igande honetan alderdiaren partetik jasotako babesa eskertu.
Aipatu du ia espero gabe sartu zela alkate Azpeitian, baina «herriaren alde egiteko adorez». Urte batzuk lehenago EH Bilduren aurreko gobernu taldeak egindako aldaketa sakontzea zuen helburu eta argitu du bi lehentasun ezarri zituztela: ekonomiaren sustapena eta gizarte beharrei erantzutea.
Aurten 500.000 euroko diru partida abiatu du Azpeitiko Udalak ekonomiaren sustapenerako. Horregatik, Alkortak kritikatu du leporatu zaiola Corrugados irekitzeari uko egitea. «Eusko Jaurlaritza eta Gipuzkoako Foru Aldundia benetan prest al daude siderurgia martxan jartzeko? Zertarako daude europar funtsak? Prebarikatzera bultzatzen gaituzte».
Zentzu horretan, iritzi du Corrugadosen auziak agerian utzi dituela bi eredu, bi egiteko modu: EAJrena eta EH Bildurena. Arnaldo Otegik esan du beranduago: «Eredu ezberdinak plazaratu ditu Nagorek. Nagore emozionatu egin da, beste batzuek ez dakit emoziorik duten edo ez. Gu ondo goaz, lasai gaude, EH Bilduk goranzko joera erakutsi du hauteskundez hauteskunde. Beste batzuek daude urduri. Gu ez gara politikoak, gu militante politikoak gara. Herri maitasunaren militante politikoak gara».
EH Bilduko koordinatzaile nagusiak onartu du udalgintzak pisu politiko handia izan duela Euskal Herriaren historian, 1930eko Lizarrako Estatututik hasi eta geroztik, 1978ko Alkateen Mugimendua eta Udalbiltza eredu.
«Udalek garrantzi berezia dute», esan du, «udalak direlako herritarrekiko gertuen dauden instituzioak, demokrazia parte-hartzailerako aukerak ematen dituztenak».