NAIZ

Iazko urtarrileko grebagatik 18 hilabeteko espetxe zigor eskaera jaso du pertsona batek

Eskubide Sozialen Kartak oroitu duenez, 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorrean, langile asko «identifikatu, mehatxatu eta eraso» zituzten. Horietako batzuek isunak jaso dituzte eta lagun batek kartzela zigor eskaera jaso du. Epaiketa asteazken honetan izango da eta mobilizazioa antolatu dute.

Piketea Lakuako Gobernuaren aitzinean, 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorrean. (Endika PORTILLO/FOKU)
Piketea Lakuako Gobernuaren aitzinean, 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorrean. (Endika PORTILLO/FOKU)

«Lan, pentsio, bizitza duina aldarrikatzea ez da delitua» leloarekin, Euskal Herriko Eskubide Sozialen Kartak elkarretaratzea egingo du asteazken honetan Gasteizko Justizia Jauregian, bertan epaituko baitute 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorrarekin lotuta 18 hilabeteko espetxe zigor eskaera jaso duen pertsona. 9.30erako daude iragarrita epaiketa eta auzipetua babesteko mobilizazioa.

Greba orokor hartan, lan, pentsio eta bizitza duinen alde atera ziren kalera milaka langile eta herritar, Eskubide Sozialen Kartaren deialdiarekin bat eginez. Gaur egun, aldarrikapen horiek bizi-bizirik daude. Besteak beste, politika publikoen lehentasunak aldatzea, indarrean dagoen eredu sozio-produktiboa eraldatzea, aberastasuna banatzea eta zerbitzu publikoak garatzea premiazko ikusten dute.

«Aldaketa soziala kriminalizatzeko saiakera»

Azken hilabeteotan grebalariek jaso dituzten isunak salatzeko elkartu dira, ez zaielako onargarria iruditzen «aldaketa soziala kriminalizatzen» saiatzea. «Gure lan eta bizi baldintzak pobretu eta prekarizatzen dituztenek etxean, isilik eta esaneko nahi gaituzte», adierazi dute.

Testuinguru horretan, asteazken honetan Gasteizen biltzeko deia egin dute, agintaritzaren aurkako atentatua eta lesioak egotzita epaituko duten pertsonari «babes osoa emateko». Gogoratu dutenez, 2020ko urtarrilaren 30eko greba orokorraren egunean gertatutako istiluetan lagun hori ez zuten identifikatu, ezta atxilotu ere, baina 18 hilabeteko kartzela zigorra eta kalte-ordaina eskatzen diote.

Euskal Herriko Eskubide Sozialen aldeko Kartak pertsona hori libre uzteko eskatu du, eta irmoki salatu du «askatasun politikoen aurkako epaiketa honek dakarren eraso larria».

Lan, pentsio eta bizitza duinen alde mobilizatzen jarraituko dutela argi utzi dute, grebalari guztiei «babesik eta eskerrik beroenak» helaraztearekin batera.