Bizkaiko Bertsolari Txapelketa eta Xilaba amaitu gabe utzi ziren iaz; eta urte honen hasieran behar zuen Nafarroakoak. Osasun krisiak eragindako zailtasunak tarteko, ordea, data zehaztu gabe atzeratu ziren. Egoeraren bilakaera ikusita, Bizkaiko, Nafarroako zein Bertsularien Lagunak elkarteek txapelketa hauek 2021eko udazkenean egitea erabaki dute.
Zortzina saio izango dituzte Xilabak eta Nafarroako Bertsolari Txapelketak, eta hamar Bizkaikoak. Kasu bakan batzuetan, egun berean izango dira zenbait saio, baina zaleei haien jarraipena errazteko, txapelketak elkarren artean ahalik eta modu onenean uztartzeko egutegia osatu da.
Final laurdenetan zela eten zen Xilaba iaz eta irailaren 18an hasiko da berriro ere txapelketa. Azaroaren 13an izango da finala.
Udabarria bertsotan sailkapen saioak irailean eginda, Bizkaiko Bertsolari Txapelketa ez hastea erabaki zen, aurreikusten ziren eragozpenak tarteko. Urriaren 3an hasiko da txapelketa eta abenduaren 18an ezagutuko dugu txapelduna.
Ekainean, Nafarroako aurrekanporaketak
Urtearen hasieran ziren egitekoak Arabako eta Nafarroako bertsolari txapelketak. Araban, ohiko txapelketa egin beharrean, maiatzean bukatu berri den binakakoa gauzatu zen.
Nafarroan, aldiz, atzeratu eta urriaren 2an ekingo zaio Nafarroako Bertsolari Txapelketari; azaroaren 27an izango da finala. Aurretik, ordea, sailkapenerako saioak gauzatuko dira, eta horiek ekainean egingo dira.