Astelehenean Saski Baskoniari irabazteko aukeran izan zen partidak ihes egin zion Valentzia Basketen kantxan. Asteazkenean, berriz, talde gasteiztarrak ez zion aukerarik eman Valentzia Basket berari eta hala, final-laurdenetako kanporaketa honek kitarakoa jokatu beharko du Fontetan 22.00etatik aurrera. Kale edo bale, Real Madrilen aurkako finalerdietarako txartela lortuko du irabazleak eta galtzaileak, berriz, etxerako bidea hartu beharko du.
«Astelehenean galduta ere, konfidantza osoa nuen berriz ere Valentziara itzuliko ginela», esan zuen Dusko Ivanovicek asteazkeneko partida amaitu berritan. «Gauzak ongi egin behar ditugu Valentzia lako talde baten aurka, baina ongi eginez gero, ziur nago irabazteko aukerak izango ditugula, baina ostiralean ere», bota zuen Montenegrokoak.
Antzeko berbak izan ditu Achille Polonarak ere. «Gure defentsari esker lortu dugu serie hau berdintzea. Defentsan lan ona egiten dugula, erasoan erraztasun gehiago aurkitu ditzakegu, korrika egin dezakegu eta saskiratze errazak bilatu. Bigarren partidan egin baldin badugu, hirugarrenean ere ziur nago egin dezakegula», adierazi du hegal-pibot italiarrak.
Jokoaren ekimena, eta neurri handi batean markagailuarena ere, beti gasteiztarren esku egon da neurketa bietan, nahiz eta lehenengoa ezin irabazi. «Valentziak azken laurdenetan beti gorantz egiten du, eta behin baino sarriago markagailua iraultzeko kapaz izan da. Astelehenean aurretik ginen baina azken minutu horietan defentsan akats larri batzuek egin genituen eta horren erruz joan zitzaigun partida. Gasteizen, berriz, ez da halakorik gertatu, defentsan askoz hobeto aritu garelako», azpimarratu zuen Ivanovicek, eta horrez gain, ostiral gauerako bide horixe bera jarraiarazi. «Badakit gure jokalari batzuek arazo fisikoak dituztela eta ez dela erraza, baina ez dago aitzakiarik. Aurrera egingo badugu, gure onena eman beharko dugu ostiralean», esan zuen.
Polonara ere, Ivanovicen ondoan sekulako maila ematen ari den jokalaria bera, antzeko iritziaz aritu da, baita kanpoan eta ikusleak harmailetan izango dituen partida honen aurrean. «Elkarren ondoan jokatu behar dugu, talde sendo baten moduan. Gasteizen egin dugu eta kanpoan ere etxean bageunde bezala jokatzeko kapaz izan behar dugu. Elkarrekin bagaude, sendo, zergatik ez?», gaineratu du.
«Gogorrago jokatu behar dugu»
Valentzian ere, itxura baten, ez daude albotik begira egoteko. Buesa Arenan itxura nahiko eskasa emanagatik, azken laurdenean 69-61 hurbildu ziren, batez ere Klemen Prepelicen 20 puntuei esker. Eskolta esloveniarrak Valentziaren webgunean adierazi duenari so eginez, bere taldeak ba omen daki «Baskoniari nola irabazi», baina horretarako «gogorrago jokatu» behar ei dute.
«Baskoniak saskiratze zailak lortu zituen partidaren hasieran eta erreboteak ere bereganatu zituen. Horren aurrean ez genuen erantzuteko modurik aurkitu, beranduegi izan arte. Kontuan izan behar dugu agian denboraldiko azkenengo partida jokatuko dugula Fontetan eta ez dugu porrot batekin agurtu nahi. Hargatik, gogorrago jokatu behar dugu, hori baita Baskoniari irabazteko modua», bota du Prepelicek.
Finalerdietan, Real Madril
Covid-19a dela eta bi jokalari falta ditu Real Madrilek, baina hala ere Kanaria Handiari 2-0 irabazi dio Pablo Lasoren taldeak. Izerdi dezente bota behar izan zuen talde madrildarrak asteazken gauean Kanaria Handiari 75-81 irabazi eta finalerdietara pausoa emateko.
Rudy Fernandez eta Eddy Tavares izan ziren madrildarren jokalari garrantzitsuenak. Hala ere, azkenera arte lana beltz egin behar izan zuten Kanaria Handia gainditzeko. Aurreneko partidan 103-79 nagusitu baziren Lasorenak, asteazkeneko dema beste kontu bat izan zen eta irabazi arren, Real Madrilek erakutsi zuen ez dela garaiezina, ezta inondik ere.
Txus Vidorretaren Tenerife, finalerdietara
Uste baino errazago, Txus Vidorretaren Lenovo Tenerifek ere finalerdietarako txartela eskuratu du, San Pablo Burgosen kantxan 68-92 irabazi ondoren. Hala, 2-0 laga du final-laurdenetako kanporaketa bere alde. Tenerifekoek beren historian aurrenekoz jokatuko ditu ACB Ligako finalerdiak.
Hirugarren laurdenera arte partida oso parekatua izan da, eta atsedenaldira Burgos bera aurretik iritsi da: 41-35. Baina hirugarren laurdena amaitzeko bost minutu falta zirela Dejan Kravicek markagailua 52-50 jarri duenetik aurrera, Burgosko taldea katigatuta geratu da eta hamar minuturen buruan 3-31ko partziala irentsi behar izan du. Handik aurrera, Vidorretarenek nahi izan duten moduan eraman dute.
Aaron Doornekamp hegaleko kanadiarrak ere zeresanik izan du azken emaitzan. Atsedenaldira jaurti dituen lau hirukoetan kale eginda iritsi da, baina bigarren zatia hastearekin batera, aurretik huts egindako dena sartu du; hau da, sei hiruko segidan eta bere eskutik partida mila puskatan apurtu da.