Andres Osa «Sakona»
Interview
Xabier Orbegozo «Arria V.a»
Herri kirolaria

«Igandeko erronkak eskakizun handia du, baina lan egin gabe ez dago ezer»

Ez dio nolanahiko erronka ipini bere buruari Arria V.ak igande honetarako. 100 kiloko harria 10 aldiz jasoko du Ibarrako Emeterio Arrese parkean; ondoren Tolosako hiru tontorren mendi maratoia egingo du; eta azkenik 10 kanaerdiko moztuko ditu. Honetarako, Arkaiak artisau aizkora diseinatu du. 

Arria V.a, azken asteotan egindako entrenamendu batean.
Arria V.a, azken asteotan egindako entrenamendu batean.

Gogor entrenatu du azken hilabeteetan ahalik eta marka onena lortuz bere plazako kirol ibilbideari amaiera ipintzeko. Hamalau bat kilo ere bota omen ditu prestaketa prozesu horretan, eta orain egindako lanaren fruituak jaso nahi ditu. Goizeko 8.00etan hasiko du desafioa. 

Errazkeria alboratuz sei orduko lanean marka ezarri nahi duzu: Ez da erronka makala...

Lehenagoko aizkolari handiak ezagutu nituen eta herri kirolak, gure kirolak, zaindu eta indartu nahi baditugu, desafioak eta marka ahaleginak ugaritu egin behar dira. Herri kirolak apustua izan du bere gustoko ekintza. Gogoan izan neguan eta udaberri partean lau-bost bat desafio izaten zirela jendearen “mintzakatilo” bihurtuak.

Gaur egun «galdu egingo dut», «prestakuntza ezin izango dut ongi egin» eta horrelako kontu merkeak dira ihes bideak.

Bai. Apustuak orokorrean, eta baita nik igandean egin behar dudan lanak ere, berebiziko eskakizuna izaten du, baina lana egin gabe ez dago ezer egiterik, norberak bere burua engainatu soilik. Irabazi edo galdu, baina ala behar du. Benetako erronkak horrela hartu behar dira, bestela  etorkizun beltza dugu. Txapelketak bai, baina apustuak inplikazio sakonagoa du.

Kalbarioa bikain betetzen duzu. Orain arte halakoa izan zara.

Bai, asko sufritu beharra izan dut. Berriro diot, kirol ekintza batzuk antolatuta soilik ez da mantentzen gure kirola. Jendearen interesgune izatea lortu  behar dugu. Zerbait berria eta belarriak tente jarriko dituen probak behar dira.

Igandeko lana prestatzerakoan, ahulezi serio edo ondoezen bat izan al duzu.

Azkeneko hamar bat kilometroetan  giharrak kargatzen hasten dira, orain arte horretaz nabarmen ohartu naiz, eta ondoren enbor  gainean lana gogotik egin beharra dagoela pentsatzeak... dena esanda dago.

Hiru tontor hoietatik irrintzirik botatzeko animorik?

(Barreak). Nahiago nuke horretarako gai izatea. Nik erronka hau hartu dut,  kunplitzera  noa eta marka ezin badut egin ez da porrota. Hau da jokoaren muina. Horrela pentsatzen ikasi beharra dago.

Laguntzailerik badaramazu? Zein izango dira?

Bai, biderako bi eta harrijasotzen Izeta izango dut lagun. Amaieran egurrak mozteko unean aita eta osaba izango ditut alboan.