Uema: 30 urte euskarari dagokion bidea zabaltzen
Orain 30 urte, 1991ko maiatzaren 5ean, osatu zuten hemeretzi udalerriren artean Uema, Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea. Zailtasun ugarirekin puztu da mankomunitatea 90en aterpe izateraino, baina euskarak oztopo eta erronka asko ditu oraindik.
Badira 30 urte Euskal Herriko 19 udalerri txikietako ordezkari batzuek gaurtik ere luzera begira ari den Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea (Uema) sortu zutenetik. Euskarari arnas emateko gogoak batu zituzten, eta Amazonas oihanak munduari nola, Euskal Herrian euskarari oxigenoa emango zion udalerri euskaldunen multzo barreiatu bat sortu zuten, han-hemengo lubaki txikiak lotuko zituen erreten bakar bat eta, haiek jakingo ez bazuten ere, hiru hamarkadaren buruan 90eko taldea osatuko zuten.
1988an Euskal Herrian Euskaraz (EHE) elkarteak herri euskaldunetako udalek euskara hutsean lan egitea proposatzen zuen mozio bat aurkeztu zuen udaletan eta, horrekin batera, “Euskararen Erabilpena Normaltzeko Udal Arautegia” onartu, administrazioan eta udalerrietan euskaraz bizitzeko eskubidea bermatzeko eta bitartekoak jartzeko ituarekin. Urte hartan, eta mozioaren bueltan, sortu zen Udalerri Euskaldunen Mugimendua, Uemaren aurrekari.
Bide horretan, beste askoren artean, lan eskerga egin zuen Iñaki Arregi Uemaren sortzaile, sustatzaile eta koordinatzaileak.
Kezka partekatu bati era bateratuan erantzun ahal izateko mankomunitatearen forma juridikoa eman zitzaion udalerri euskaldunen elkarte hari. Horrela, 1991eko maiatzaren 5ean onartu ziren Uemaren estatutuak Aizarnazabalen, eta mankomunitatea ofizialki sortu. 19 udaletako hautetsiek egin zuten, egun berean, Uemaren sorrerako batzarra. Hona sortzaileak: Abaltzisketa, Aizarnazabal, Altzo, Arbizu, Aulesti, Baliarrain, Dima, Errezil, Etxebarria, Gatika, Ikaztegieta, Leaburu-Txarama, Lizartza, Munitibar, Muxika, Nabarniz, Orendain, Urdiain eta Zaldibia.
Hastapenetan, udalak euskalduntzea zuen helburu mankomunitateak, udalerriak euskaldunak izanagatik ere, udaletxeetan erdaraz funtzionatzen baitzen gehienetan. Inprimakiak, aktak, txostenak, errotuluak, irudiak eta noski, herritarrei arreta, euskaratu behar ziren, zerotik hasi, lanpasetatik.
Euskararen lurraldea
Etxaurre hartan egokitu zitzaion Antton Iztueta abaltzisketarrari Uemaren lehenengo lau urteen gidaritza. 1991tik 1995era izan zen Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko lehendakari, Altzon zinegotzi zenean. «Gu herri txikietakoak gara, ez gaude ohituta jendaurrean hitz egitera edo politikari buruz hitz egitera. Gero joaten zara ikasten», agertu du abaltzisketarrak barrez.
Azaldu du nola hasi ziren paperak eta beste euskaratzen, udaletako idazkariei euskara maila bat eskatzen, herritarrei zuzendutako arreta eta oharrak «euskara txukunean» eskaintzen; txikizka, baina ordura arteko inertzia erdaldunei buelta ematen.
Txillardegi eta Iñaki Arregi, Uemaren sortzailea. (UEMA)
Bitartean, harremanak egin behar zituen Uemak maila guztietako administrazioekin eta alderdi politikoekin. «Garai zailak» zirela nabarmendu du Iztuetak: «Gu orduan Herri Batasunako zinegotziak ginen eta izan genituen zailtasunak. Ateak jo genituen, bilerak eskatu aurkezpen bat egiteko, Uema zer zen eta zertarako sortu zen azaltzeko. Orduan ez zen planteatzen elkarlan bat, ate batzuk irekitzen saiatu ginen. Orain ematen du ateak askoz zabalagoak direla».
Garaiko indar abertzaleen arteko konfrontazioa, Estatu espainiarraren jazarpena eta beste hainbeste oztoporekin aurkitu izanagatik ere, aurkitu zituzten Iztuetak eta kideek bidea egiten jarraitzeko zirrikitu batzuk. Eta orain, 30 urte beranduago, Uemak «euskararen lurralde bat saretzen» egin duen lana azpimarratu du udalerri euskaldunen etxea hutsetik sortzen lagundu zuenak.
Hutsetik hotsera
Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea sortuta eta udalen euskalduntzeko lanari utzi gabe, mankomunitateko kideek –urtez urte taldera batzen joan ziren udaletakoak barne– Uemaren egitekoa zabaltzeko beharra ikusi zuten, udalak ez ezik, udalerriak ere euskalduntzea giltzarria zela iritzi baitzuten. «Orain dela urte batzuk hausnarketa bat egon zen, arrisku bat egon zitekeela uste genuelako; udaletxeak euskalduntzen ari ginen bitartean, poliki-poliki herriak erdalduntzen ari ote ziren. Hausnarketa horietatik atera zen kontzeptu garrantzitsu bat, nire ustez, garapenarena da. Arnasguneak eta herri euskaldunak sozioekonomikoki garatu behar dira, hori gabe, arriskua daukagu hizkuntza galbidean jartzeko», esplikatu du Iraitz Lazkano egundo Uemako lehendakariak.
Horrela, besteak beste, eskola guztietarako Hedatu hezkuntza proiektua, herritarrak ahalduntzeko tailerrak eta kanpainak, edota zerbitzu sektorea euskalduntzeko baliabideak jarri zituzten martxan.
Taldeak hots handia zuela eta gorpuztuta zegoela aukeratu zuten orain bi urte Iraitz Lazkano Elgetako alkatea Uemaren lehendakari izateko. Antton Iztuetaren esperientziaren oso bestelakoa da berea, «sendotutako eta ondo egonkortutako» mankomunitate batekin egin baitzuen topo Lazkanok.
«Ibilbide luzea eta oparoa izan duen mankomunitate baten ardura hartu dut, ez dut zerotik muntatu beharra izan. Gaizki esanda, eginda zegoen zerbait hartu dut, egiten jarraitzeko asmo eta konpromisoarekin. Etxe honen oinarriak jarrita zeuden eta hasieratik lanean egon direnek egindakoa harrigarria izan da. Zeren, ez zuten soilik zerotik muntatu mankomunitatea, herri horietako hizkuntzaren erabilera ere zerotik abiatu zuten, orain dela 30 urte administrazioetan euskaraz apenas sortzen baitziren dokumentuak. Ikusi besterik ez dago udaletxeetan egiten ziren aktatan zer hizkuntza irizpide erabiltzen ziren eta 30 urtean zenbaterainoko buelta eman zaion egoera horri», azaldu du.
Uema Eguna Leitzan, 1994ko maiatzean. Oholtzan, Karlos Garaikoetxea, Iñaki Arregi, Joseba Alvarez eta beste. (UEMA)
Aipatu bezala, mankomunitateak bere lan-ildo eta erronkak zabaldu ditu, eta egun, hiru bide nagusi jorratzen ditu, bide bakoitzean proiektu ugari sustatuz: Udalak euskalduntzea, hastapenetan bezala –udalaren erabilera planak, langileen trebakuntza, inprimakiak, txostenak, itzulpenak eta beste eskaintzen ditu–; udalerriak euskalduntzea –paisaia linguistikoaren azterketak, kartelak, sentsibilizazio saioak, herritarren kontzientziazioa, Hedatu hezkuntza proiektua, gazteentzako ekimenak edo Arnasa Gara kanpaina– eta udalerri euskaldunen zaintza eta garapena sustatzea –Lurraldea eta Hizkuntza jardunaldiak, Eragin Linguistikoaren Ebaluazioa, turismoari buruzko gogoetak, Iñaki Arregi ikerketa beka, joerak eta diagnostikoa ikusteko euskararen kale erabilera neurketak–.
90en aterpe, besteen eredu
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateak 30 urte bete zituen pasa den maiatzaren 5ean, eta hilaren 29an ospatu zuten urteurrena Amasa-Villabona egindako ekitaldi batekin. Egun horretan, Amasa-Villabona eta Zizurkil gehituko baitziren mankomunitatera.
Egun, biztanleen %70etik gora euskaldunak diren 90 udalek osatzen dute mankomunitatea. Taldera, gainera, Azpeitia, Tolosa edo Bergara bezalako udalerri handiagoak batu dira azken urteetan. Denen artean, 266.000 biztanleko lurgune euskalduna osatzen dute Uemako kide diren herriek.
Baina zer irabazten dute udalerri horiek Uemako kide izateagatik? Eta Uemak, aterpean hartu dituen 90 udalerri euskaldunekin, zer ekarpen egiten dio Euskal Herriaren euskalduntzeari? Lehendakariaren esanetan, Udalerri batek Ueman sartzera erabakitzen duen momentuan, «beste hizkuntza-politika baten alde egiten du», konpromisoa hartzen duelako «udalerri euskaldun baten modura funtzionatzeko».
Hala, udalerria euskalduntzearen hautu horretatik, Uemaren proiektuen bultzatzaile eta onuradun bilakatzen dira; izan merkataritza euskalduntzeko kanpainarena, Hedatu hezkuntza proiektuarena, turismoaren inguruko kanpainarena, orain gutxi hasitako itzulpen zerbitzuarena (dokumentuak euskaraz sortzen direla bermatzeko) edo lau urteko euskara planarena. Makomunitateak aurrera begira duen erronka handienetako bat, Lazkanok aurreratu duenez, lan-mundua euskalduntzean datza.
Bestalde, Uemako kide diren herriek gainontzekoei egiten dieten ekarpen nagusia, Iraitz Lazkanoren iritziz, da «frogatzea posible dela egunerokotasunean euskaraz bizitzea»: «Arnasguneetako euskaldunak, baina arnasgunetakoak ez direnak ere, ahalduntzeko modu bat da, gure hizkuntzari eusteko modu bat. Bestetik, horrelako inguru soziolinguistikoak hain euskaldunak ez diren beste eremuentzako eredu izan daitezke euskarari eusteko ikuspuntu horretatik».
Kezka bat, erronka bat
2006-2016 hamarraldian ia puntu bat egin zuen atzera euskal hizkuntzaren kale-erabilerak: %13,7tik %12,6ra, hain zuzen ere, 2017an Soziolinguistika Klusterrak argitara eman zuen neurketaren arabera. Beherakada, gainera, handiagoa izan zen eremu euskaldunetan.
Kezka sortzen dute datuok, euskara sustatzeko elkarte, ekimen eta gogoak asko izanik ere, erdarek bilatzen dituztelako arrakalak eremu euskaldunetan ere sartzeko. Honen arrazoiak bilatzea oso konplikatua dela uste du Lazkanok, eta irakurketa sakona merezi duela iritzi dio. Elementu asko dira kontuan hartu beharrekoak, nabarmendu duenez: «Hirigintzak, populazioaren gora-beherak, gazteen belaunaldi berrien hizkuntza-ohiturak, digitalizazioak… gauza asko hartu behar dira kontuan. Faktore oso inportante bat digitalizazioa izan dela uste dut eta politika publiko oso ausartak behar ditugu esparru horietan euskararen erabilera bultzatzeko».
Zentzu horretan, nabarmendu du Uematik eskaintzen duen zerbitzuetako bat eragin linguistikoaren ebaluazioarena dela.
Uematik orain ari dira euskararen kale erabileraren datuak neurtzen, eta datozen urtean egingo dituzte publiko, aurreko urteetako datuekin konparatu eta joera aldatu ote den ikusteko.
Horregatik, oinak lurrean baina egindakoari baliorik kendu gabe, euskarak gainean dituen mehatxuak uxatzea ere bada Uemaren erronka, zenbait gauza ez baitira hainbeste aldatu hiru hamarkadatan. Hala esan du Iraitz Lazkanok: «Bide luzea egin dugu eta bide oparoa izan da. Baina dena ez da ospatzeko modukoa. Orain 30 urte bezala, hizkuntza eskubideak behin eta berriz urratzen dira eta, orokorrean, gure inguruan erderen erauntsia geroz eta handiagoa da»