NAIZ

Pantailak Euskaraz mugimendua sortu dute hainbat herri ekimen eta eragilek

Ikus-entzunezkoen sektoren diharduten taldeak bildu dira Pantailak Euskaraz mugimenduan. Egungo egoera irauli eta alor honetan euskarak etorkizuna izateko aldarrikapenak indar gehiagorekin defenditu nahi dituzte.

Pantailak Euskaraz ekimena osatzen duten taldeetako ordezkari batzuk. (PANTAILAK EUSKARAZ)
Pantailak Euskaraz ekimena osatzen duten taldeetako ordezkari batzuk. (PANTAILAK EUSKARAZ)

Pantailak Euskaraz ikus-entzunezkoen mundu pantaila-anitzean euskarak duen presentzia eskasarekin arduraturik dauden hainbat herri ekimen eta eragilek sortu duten mugimendua da, «egoera hau irauli eta euskarazko etorkizun bat lortzeko helburuz sortutakoa», azaldu dutenez.

Streaming plataformetan euskararen presentzia sustatzeko duela hilabete batzuk sorturiko Netflix euskaraz eta Disney+ Euskaraz herri ekimenek, zinema aretoetan euskara sustatzen 25 urte daramatzan Tinko Euskara Elkarteak, euskarazko bikoizketak eta bikoiztaileek azken urteetan jasandako murrizketei aurre egiteko duela 3 urte jaio zen Bieuse, eta, berriki mugimendura batu den Zinemak Euskaraz ekimenek osatzen dute, momentuz.

Pantailakeuskaraz.eus web-orriaren bitartez sinadura bilketa ezberdinei indarra eman eta haien aldarrikapenak lau haizetara zabalduko dituzte datozen hilabeteotan. Euskarak pantailetan bizi duen egoerarekin kezkaturik dagoen herritar oro atxikimendua ematea animatu nahi dute.

Joan den apirilean, Durangon, Netflix Euskarazek antolatu zuen agerraldiaz geroztik, eragile hauek egoeraren inguruko hausnarketa bat partekatu eta Euskal Herri osoko ikus-entzunezkoen sektoreko eta euskalgintzako eragile ezberdinekin bilerak egin dituzte, eta, elkarlanean, euskarazko ikus-entzunezkoek eta euskarak ikus-entzunezkoetan bizi duen egoerari irtenbidea emateko aldarrikapen nagusiak lantzen aritu dira. Aldarrikapen horiek babestu dituzte, momentuz, Ibaia Ikus-entzunezkoen Ekoizle Burujabeen Elkarteak, EHBE Euskal Herriko Bikoizleen Elkarteak eta Napar Nafarroako Ekoizleen Elkarteak. Horiez gain, euskalgintzako hainbat eragilek ere parte hartu dute aldarrikapenen lanketan (euren babesa berresteke, oraindik).

Aldarrikapen artean, euskarazko ikus-entzunezkoen sektoreko finantzaketa publikoa handitzea eta EITB indartzea euskararen normalkuntzarako tresna bihurtzeko daude. Honekin batera, euskarazko streaming plataforma sendo bat sortzea eta plataforma nagusietan euskararen presentzea legez bermatzea eta areagotzea eskatzen dute.

Zinemaren eta Ikus-entzunezkoaen Lege propioak sortzea, bideojokoetan eta interneteko sortzaile plataformetab, euskararen presentzia bermatu eta sustatzea dira beste aldarrikapen batzuk.