NAIZ

Patronalak erantzuten ez badu, Bizkaiko autoeskolek mobilizazioekin jarraituko dute

Bizkaiko autoeskoletako langileek bigarren greba eguna egin dute gaur, baina, ELA eta CCOO sindikatuek jakitera eman dutenez, ez dute aldarrikapenei buruzko patronalaren erantzunik jaso. Gauzak horrela, mobilizazioekin aurrera jarraitzeko asmoa dutela iragarri dute.

Bilbon autoeskoletako langileek gaur egindako mobilizazioa. (ELA)
Bilbon autoeskoletako langileek gaur egindako mobilizazioa. (ELA)

Bizkaiko autoeskoletako langileek bigarren greba eguna dute gaur, jarraipen zabala izan duena, ELA eta CCOO deitzaileen arabera. Goizean goiz auto karabana eta manifestazioa egin dute Bilboko kaleetan.

Bi sindikatu hauek gogoratu dutenez, autoeskoletako langileek hamaika urte daramatzate lan hitzarmena berritu gabe. Honekin batera, sektoreko langileen soldatak, ordutegiak eta gainerako lan baldintzak erabat prekarioak direla nabarmentzen dute.

Gauzak horrela, soldaten erregularizaziorako eta erosteko ahalmena berreskuratzeko soldata-taula ezartzea eskatzen dute, irakasleak ez diren langileak (batez ere administraziokoek) mila euro gordinera ez direla iristen gogoratu ondoren.

Honekin batera, irakasle ez diren kolektiboentzat lanaldia murriztea eta ordutegiak arrazionalizatzea dira beste aldarrikapen batzuk. Egunero hamaika ordura arteko lanaldiak egon daitezkela salatzen dute.

Erretiro partziala bezalako neurriak ere eskatzen dituzte, adina arrisku-faktore izan daitekeen sektore batean plantilla gaztetzea ahalbidetzeko.

Bi sindikatu hauek nabarmentzen dutenez, Apavi patronalak ez ditu aldarrikapen hauek kontuan hartzeko asmorik. 2020ko urrian ireki zen negoziazio-mahaia baina zortzi hilabete luze eta bi greba egun ondoren tajuzko erantzunik ez dutela jaso salatzen dute.

Gauzak horrela, aldarrikapen hauei buruzko erantzuna eta planteamenduak mahai gainean jartzeko exijitu diote patronalari. «Hau horrela izan ezean mobilizazio eta greba dinaminarekin jarraitu beste biderik ez digute utziko», gaineratu dute.