NAIZ

Anne Erauskinek eta Ariadna Gonzalezek beste urte batez jarraituko dute Zuazon

Hegaleko ermuarrak beste urte batez jarraituko du Zuazon eta hala, bere laugarren denboraldia jokatuko du Ohorezko Mailan. Atezain kanariarrak ere urte baterako luzatu du kontratua eta hirugarrena izango du Barakaldon. 

Anne Erauskin, Malagaren aurkako neurketan. (Aritz LOIOLA / FOKU)
Anne Erauskin, Malagaren aurkako neurketan. (Aritz LOIOLA / FOKU)

Anne Erauskinek beste urte batez jarraituko du Zuazon. Hitzarmen berritze hau Barakaldoko taldeak egiten duen laugarrena da, Alba Sanchez, Mada Fernandez-Agusti eta Esti Velascorenak iragarri ostean. Hegalekoa pieza garrantzitsu bilakatu da azken urteetan eta Joseba Rodriguez "Haito" entrenatzailearen gidaritzapean jarraituko du ermuarrak. 

Hala, laugarren denboraldia jokatuko du Ohorezko Mailan. 2018-2019 denboraldian iritsi zen Barakaldora, Ermuko Errotabarri taldetik. Gutxika-gutxika joan da minutuak batzen eta protagonismoa bereganatzen joan da. Aurten, esaterako, lehenengo fasean 47 gol sartu zituen. 

Eta Erauskin bezalaxe, Ariadna Gonzalez atezain kanariarrak ere denboraldi baterako luzatu du kontratua bakaldarrekin. Bere hirugarrena izango du talde bizkaitarrean.

Zuazo datorren denboraldiko taldea osatzeko lanean buru belarri dabil, Ohorezko Mailan berme guztiekin lehiatzeko moduko lantaldea egin nahi baitu. Hala, aste honetan bertan iragarri du bere lehen fitxaketa ere. Paula Garcia Locay Barakaldora itzultzen da hiru urte beranduago Zilarrezko Mailako Sporting La Riojan egon ostean. 

Ainhoa Hernandez, Maddi Aalla, June Loidi eta Maider Barrosen hutsuneak ondo bete beharko ditu talde bizkaitarrak.