NAIZ

Herrika ekimenean, ehunka lagunek korrika egin dute Ozazetik Ortzaizera euskararen alde

Pandemia dela eta, aurtengo Korrika bertan behera utzi behar izan dutenez, igande honetan Herrika antolatzea erabaki du Ortzaizeko gazte talde batek. Ozazetik Ortzaizera euskararen alde korrika egin dute ehunka lagunek hogei herri baino gehiagotatik pasatuz.

Igande honetan izan da Herrika, euskararen aldeko ekimena. (Bob Edme)
Igande honetan izan da Herrika, euskararen aldeko ekimena. (Bob Edme)

Korrika bertan behera gelditu denez, Ortzaizeko hainbat gaztek Herrika deituriko ekimena antolatu dute asteburu honetan. Lasterketa Ozazetik Ortzaizera ibili da euskara sostengatzeko xedez.

«Helburua gazteak ere euskararen inguruan mobilizatzea da, ekitaldi bat sortzeko», nabarmendu zuen pasa den astean Nahia Ocafrain Ortzaizeko gazteak.

Goiz hasi da ekimena, 7.00etan, eta Ozazeko plazatik abiatu da Herrika. Ortzaizera ailegatu baino lehen, Xiberoa eta Baxe Nafarroan gaindi ibili da, ondoko ibilaldia eginez: Zalgize, Mendikota, Mendi, Altzürükü, Urdiñarbe, Muskildi, Donaixti, Bunuze, Lartzabale-Zibitze, Ainiza-Monjolose eta Gamarte, Suhuskune, Jatsu, Izpura, Donibane Garazi, Uharte-Garazi, Lasa, Azkarate, Anhauze, Irulegi-Germieta, Baigorri, Arrosa eta Ortzaize.

Ortzaizen, bukaera emateko hitzordu eder honi ekitaldi berezi bat antolatu dute. Arratsaldeko 16.00etatik aitzina, Xiberoko dantzari talde batek eskainitakoaz gain, Maddi Sarasua eta Elixabet Etxandik bertsoekin plaza alaitu dute eta musika ez da falta izan.

«Espero dut jende anitz hurbiltzea», esan zuen itxaropentsu Ocafrainek, eta badirudi hala izan dela. Izan ere, jendetza bildu da igande honetan Ortzaizen euskararen aldeko ekimen honetan parte hartzeko.